.Mintzakide egitasmoa 6. Ikasturtea

Mintzakide egitasmoa 2004. urtean Iruñerriko euskalgintzako hainbat eragileren elkarlanaren ondorioz sortu zen. Eragile hauek euskaltegiak (AEK, IKA, Zubiarte, Bai & by eta Hizkuntza Eskola), Euskara Elkarteak (Atarrabiako Karrika-luze, Txantreako Euskaldunon Biltoki, Berriozarko Zorroka eta Iruñeko Karrikiri eta Zaldiko Maldiko elkarteak eta haien federazioa, Topagunea) eta hainbat udal dira, tartean Burlatako udala. Urrian hasiera emanen zaio seigarren ikasturteari, eta helburuetako bat sei ikasturte hauetan izandako bilakaera positiboarekin jarraitzea da.

Zer da Mintzakide?
Mintzakide euskaraz txukun hitz egiten duten eta mintzamena hobetu nahi duten hiztunak elkarrekin jartzen dituen programa da. Partaideak euskaraz mintzatzeko elkartzen dira. Hiruzpalau partaideko taldeak osatzen dira, talde hauek maiztasun jakin batekin elkartzen direlarik, gutxienez astean behin ordu batez. Asteko jardueraz gain saio osagarriak eskaintzen dira hilabetean behin, Mintzakide egitasmoan parte hartzen duten taldeetako lagunak elkar ezagutu dezaten.

- Ohiko saioak:
Mintzakidek antolatzen dituen mintza-taldeak astero ordu batez elkartzen dira euskaraz hitz egiteko. Taldea autonomoa da zer egin nahi duen erabakitzeko, kafetxo bat hartu, paseoan ibili... Talde guztietan euskaraz txukun hitz egiten duen pertsona bat edo bi egonen dira, eta taldeko beste bi edo hiru pertsonek beren euskara maila hobetu nahi dutenak izanen dira.

- Saio osagarriak:
Mintzakide egitasmoan, ohiko saioez gain, hilabetean behin bestelako saioak antolatzen dira, osagarriak. Saio hauek anitzak izaten dira: afariak, museoetara bisitaldiak, mendi irteerak eta beste hainbat. Saio hauek Mintzakiden parte hartzen duten pertsonentzat eta oro har, Iruñerriko eta Tafallako euskaldun guztientzat zabalik daude.
Mintzakide bezalako mintzapraktika programek erabilera bultzatzen dute euskal hiztunen artean, bai euskara maila hobetu nahi duten pertsonen artean, baita maila txukuna dutenen artean ere. Are gehiago, bi talde hauek harremanetan jartzen dituzte. Programa hauen bitartez euskaltegiek, euskara elkarteek eta tokiko administrazioek elkarlanean aritzeko aukera paregabea dute. Mintzapraktika egitasmoen helburuetako bat euskaldunon komunitatea zabaltzea da, euskarazko harreman sareak sortu eta hedatuz euskal-dunon hizkuntza komunitatea zabaltzea, euskaraz aritzeko ditugun aukerak ugarituz.

Datu batzuk:
Mintzakideren bilakaera 6 ikasturte hauetan handia izan da, aurreko ikasturtean 210 bat partaide egon ziren parte hartzen, hau da, lehen ikasturteko kopuruak ia hirukoiztu egin ditu egitasmoak.
Ikasturte bukaeran egindako ebaluaketatik hainbat datu adierazgarri ondorioztatzen dira. Mintzakide egitasmoan parte hartzea esperientzia aberasgarria suertatzen da, partaideen %59- rentzako esperientzia ona izan zen eta %38rentzat ederra. Partaideek izena ematerakoan zituzten helburuak ia %80an bete dira.

Izena emateko:
Mintzakiden parte hartzeko hainbat tokitan eman daiteke izena, baina Burlatan AEK-ko Zaldualde euskaltegian eman daiteke izena. Dena dela telefonoz (948 96 05 16) edo posta elektronikoz (mintzakide@topagunea.com) ere eman daiteke izena. Epea urriaren 1etik 26ra egon zen zabalik.

Informazio gehiago:
948 96 05 16 / 664 49 65 09
mintzakide@topagunea.com
www.blogak.com/mintzakide


 

ELKARRIZKETA

Alberto Perurena, Felix De Miguel, Ana Mendinueta eta Koldo Telletxea Burlatarrek Mintzakideko talde bat osatzen dute, haiekin hitz egiteko aukera izan dugu. Normalean ostegunetan elkartzen dira paseotxo bat emateko eta ondoren zerbait afaltzeko. Hona hemen haien iritziak.

Zenbat urte daramatzazue Mintzakiden parte hartzen?
Koldo: Hasieratik nabil parte hartzen Zaldiko Maldiko elkartean egin zen lehenbiziko aurkezpen ekitalditik.
Felix: Hau nire laugarren ikasturtea da.
Alberto: Ni duela hiru urte eta erdi nabil Mintzakiden parte hartzen.
Ana: Ni duela lau urte hasi nintzen.

Mintzakiden parte hartzea nolako esperientzia da zuentzat?
Koldo: Niri oso proiektu polita iruditzen zait. Batez ere bi aspektu positibo ikusten dizkiot Mintzakideri, batetik euskara praktikatzen dugula eta bestetik harremanak euskaraz egiten ditugula herrian bertan. Gainera oso modu polita da aste osoan eginbeharrez josita gaudenontzat bi ordutxo patxadan egotea hizketan aritzeko.
Felix: Niretzat oso esperientzia ona da. Euskaltegian ikasi nuena ez galtzeko modua da, baina lagunekin egoteko aukera oso ona ere bada. Gainera astean behin ordu pare batez egotea ez zait ezer ere kostatzen, oso gustura joaten naiz Mintzakidera eta horregatik, bestelako konpro-misoak ateratzen zaizkigunean Mintzakideko hitzordua aldatu egiten dugu, denak egon ahal izateko.
Alberto: Nik AEKn ikasi nuena ez galtzea lortu dut. Taldekideak aurretik bistaz ezagutzen nituen eta gure artean laguntasun eta konplizitate handia sortu da, esan dezaket lagun handiak egin ditudala Mintzakiden parte hartzen.
Ana: Esperientzia oso ona da Mintzakiden parte hartzea. Nire asmoa, euskaltegia utzi ondoren, euskara mintzatu eta ongi ulertzea da, baina guretzat oso garrantzitsua da taldean sortu den harreman ona.

Zer esango zeniekete egitasmoan parte hartzeko zalantzak dituen pertsona bati?
Ana: Beldurrik gabe parte hartzeko, nik talde honez gain beste talde batzuetan parte hartu dut eta beti oso harreman ona izan dugu taldekideon artean.
Alberto: Nik esango nieke euskarak batzen gaituela, gure taldean, nahiz eta batzuk aurretik ez ezagutu, oso harreman ona izatea lortu dugu, erabakiak adostu egiten ditugu, elkartzeko tokia, zer egin, eta kasu batzuetan eguna ere.
Felix: Niretzat abantaila da aurretik taldekideak ezagutzen nituelako. Euskaltegietan ibili garenak beti pentsatzen dugu gure maila baxua dela eta hori kasu gehienetan ez da horrela, beti dugu uste duguna baino maila altuagoa. Nik beldurrez dagoen jendeari gomendatuko nioke lagun batekin izena ematea, biak talde berean egon daitezen.
Koldo: Bizitzan denok apustuak egin behar ditugu. Euskarak apustutxoa egitea merezi du eta Mintzakideko talde batean parte hartzea apustu horren barruan egon daiteke. Nik gomendatuko nuke proba egitea, hilabete bat edo bi hilabetetan zehar parte hartu eta behin probatuta erabaki jarraitu nahi den ala ez.
Ni hasiera batean Laguntzaile bezala sartu nintzen taldean, eta a ze nolako laguntzailea, izugarrizko ostikadak ematen baitizkiot euskarari. Taldean denak gara berdinak eta euskara gaitasun bat da, beste batzuen artean. Hemen ez da inor baloratzen duen euskara mailagatik. Gainera ni, nahiz eta euskaldun zaharra izan, eskolan ez nuen izan aukerarik euskaraz aritzeko, eta gazte nintzela alfabetatu behar izan nuen, euskaltegian.
Afaria ederki irabazi dute gaurkoan ere, hortxe utzi ditugu, bokatatxoa zein tabernan jan erabakitzen. On egin!!