.Joxemiel Bidador joan zaigu |
|
Testua: Ziripot |
Joxe Mielek geure buruarengan sinesteko |
El dantzari, filólogo, eusakzale e investigador sobre las danzas vascasJoxemiel Bidador falleció a finales de febrero, a los 39 años, a causa de un derrame cerebral. Bidador nació en Iruñea en 1970. Durante muchos años participó como dantzari en el grupo de danza Duguna, donde también ejerció de director en algunos momentos. Además de dantzari, Bidador fue un conocido investigador de las danzas vascas. Dantzaren erreforma Euskal Herria es su trabajo más conocido, un ensayo sobre los testimonios de los sacerdotes en torno a la danza desarrollada en Euskal Herria entre los siglos XVI y XX. En 2005 recibió el Premio de Ensayo Miguel de Unamuno por este trabajo. |
Idazie, dantzari eta ikerlari iruindarra hill da, buruko odol isuri baten ondorioz. Otsailaren hondarraldean izan zuen isuria eta egoera larrian izan martxoaren 2an azken hatsa hartu zuen arte. 39 urte zituen Joxemiel Bidadorrek. Iruñean jaio zen, 1970ean, Joxe Miel Bidador Gonzalez. Euskal Filologian lizentziatu, eta euskara irakasle izan zen Iruñean nahiz Nafarroako hainbat herritan. Aldizkari askotan argitaratu zituen idazlanak: Euskera, Fontes Linguae Vasconum, RIEV, Sukil... Euskal idazle klasikoen inguruan artikulu ugari idatzi zuen Euskaldunon Egunkariako Nafarkaria gehigarrian 1995etik 2001era bitarte, Klasiko bitxi arront klasiko sailean. Aspaldiko idazleei buruzko artikulu dokumentatu eta pertsonalak idatzi zituen, eta gehienetan idazle aski ahantziak ziren protagonistak. Diario de Noticias eta Euskalerria Irratian ere kolaboratu zuen. Larreko Saria eman zion irrati horrek 2007an. Iruñeko Udalak idazle berrientzat antola-tutako literatur lehiaketetan hainbat sari jaso zituen, poemekin nahiz narrazioekin. Bidadorren poema batzuk on-line daude Euskal Idazleen Elkartearen webguneak hari eskainitako orrian (www.idazleak.org). Jose Agerre, Alexander Tapia Perurena eta beste hainbat idazleren antologiez gain, Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra (2004) eta Dantzaren erreforma Euskal Herrian (2006) liburuak argitaratu zituen; azken lan horrekin Bilboko Udalak antolatutako Miguel de Unamuno saiakera saria irabazi zuen 2005ean. Dantzari kontuetan Duguna taldean dantzan aritu zen 10 urtez. Tarte batean zuzendari lanak bete zituen taldean. 1997an San Lorentzoko dantzen sorrera prozesuan parte hartu zuen, eta talde horrekin aritu da dantzan azken urteotan. Azken agurra martxoaren 3an, asteazkenean, arratsaldeko 16:30ean, Baternainen egin zitzaion, eta martxoaren 4an, ostegunean, omenaldi zibila egin zitzaion Artikako Kultur Etxean, bertan makina bat jende bildu zen. Aretoa lepo, hunkimenak hartu gintuen bertaratu ginen guztioi. Idazleak, lagunak, bertsolariak, dantzariak, Baternaingo zinegotziak, Tuterako adiskideak denak bildu ziren bertan, eta denek eman genion merezitako agur beroa bezain goxoa. Ezustekoan harrapatu zituen adiskideak Bidadorren heriotzaren albisteak, eta samina zabaldu zen euskal letretan. Bidadorren omenezko bloga sortu zuten martxoaren 3an hainbat adiskidek (www.blogari.net/joxemiel), eta Jon Alonso eta Patxi Larrionen testu batekin jarri zen abian. «Joxe Miel bezalakorik ez zegoen Iruñeko -eta Nafarroako- euskara biziaren eta idatziaren azken aztarnen bila aritzeko», diote. «Joxe Mielek geure buruarengan sinesteko indarra ematen zuen bere jakinduriaz». Joxemiel Bidador, gareno bizirik Jose Angel Irigaray ATSEKABETURIK gaude, Joxemiel, min eta amorrazionez atsekabetuak. Hain goiz eta hain bortizki, bidegabe eta ustekabean gutartetik eta gugandik joanik, umezurtz gara senti, gazte izanik ere heldua baitzinen. Heldua gure literaturaren edota dantzaren ikerketan bezainbat lagunarteko eta jaian murgiltzeko, alderdikeria eta zikoizkerien gainetik euskaldungoan hegan egiteko jeneroski, bizitzen jakiteko, adiskide izateko beti. Eta oraidanik jada zure ausentzia lazgarria ezin berdinduz gabiltza. Gure letretan zenuen behako jantzia ments, eransten zenuen naturaltasuna eskas, lagunartean txertatu ohi zenituen ironia eta irria izozturik, familian zinen zutabe eta arnasa doloroski faltan… Gure soka higatuan, eta hala ere bizian, esku zabal eta oin dantzari alai eta trebearen tokia hutsik gelditu zaigularik. Nola joanen gara orain San Lorentzo gauean Jarautara geure eta besteren buruaz trufatuz, afaltzera eta edatera, dantzatzera, libertitzera, subertitzera… eta geure nahi eta ezinak liseritzera? Nola moldatuko gara literatur lehiaketetan eta edizio lanetan zure aburu beti aske eta pisuzkorik gabe? Nola larrituko dira liburutegi eta artxiboak ferekatzen zituzten esku eta laztantzen zituzten begiak ez sentituz? Nola osasundu euskaldungoa zu gabe eri? Izigarria da bizitza laburrean, dantzan eta euskara-literaturan garatu dituzunak. Batetik, Duguna dantza taldea, Dantzariak aldizkaria, hainbat artikulu eta lan mardul (Dantzaren erreforma Euskal Herrian lanarekin 2005eko M. Unamuno saria). Bestetik, hainbat nafar idazleren lanak aztertu, miatu eta zokoratu egoeratik argitaratuz (Joxe Agerre, Larreko, Alexander Tapia-Perurena, Mikelestorena, Sakanako idazleak…), gaitasun eta dohai handiz. Irakasle eta euskal filologian eskolatua izateaz gain, letretean aditua eta aritua zinen, afizioz eta ofizioz… eta poeta. Poetika bereziaren jabe, bertan isuririk dago, agian, zure ni-rik behinena, zure mundu ikuskera, barneneko poz eta mina. Dakizun bezala, horretan ginauden, aurteminten igorri baitzenuen zure poemategia, azkenean, argitaratzeko menturan. Arnasa handikoa, sentibera, ironikoa, jantzia eta naturala… Jakizu berant gabe plazara izanen dela, gure Parnasoan merezi duzun tokian izan zaitezen. Adiorik ez Santi Leone Roberto Bolaño hil zenean pentsatu nuen beharbada eztabaida klasikoa aldatu beharra zegoela, apika galdera ez dela "Jainkorik, bai ala ez?", baizik eta agian onartu beharko genukeela izan badela jainko bat, baina gaiztoa dela. Edo, kasik gauza bera dena, ez dakiela literaturaz. Nola ulertu, bertzenaz, batzuen heriotza? Nola, hiltzeko modu batzuk, tupustean, desorduan, sasoi betean gaudelarik? Gure txikian, Joxemiel handia zen, eta haren lana izanen dugu beti horren oroigarri, benetan egindakoa eta dudarik gabe eginen zukeena, bizitzak aukera eman izan balio. Eta, hau bezalako idazki batean, hori nahikoa dela erran beharko nuke, nahikoa haren oroitzapenak bizirik jarrai dezan, nahikoa, berak utzitako hutsunea pixka bat betetzeko. Baina ez da egia, ez da nahikoa izanen. Idazlea ez ezik, gizona ere ezagutzeko parada izan nuen, eta gazte argi, bizi, eskuzabal hura joan zaigula jakiteak iheskorrago egin du nire gaurko loa, goibelago, goiza, eta handiago bihurtu barnean aspalditik daramadan amorrua. Ez, ez da jainkorik, edo, baldin bada, gaiztoa da, bertzenaz nola ulertu bat ez, hainbertze Joxemiel eraman izana, lagun ona, langile fina, hizlari trebea, idazle nekaezina? Galdera erretorikoa da, jakina, heriotza ez baita ulertzen. Onartu egiten dugu eta, hondarrean, ohitu egiten gara estomakan daramagun hutsunera. Behin erreportaje txiki bat idatzi nuen Joxemielekin eta Patxi Larrionekin batera, Argia aldizkarirako. Gehiago ere etortzekoak ziren, edo hori zen gure asmoa. Bigarrenean, Orreagaz aritu behar genuen. Ez genuen inoiz gauzatu. Joxemielek baino ez zuen bere partea prestatu. Nirea ez nuen egin nirea, beti lanpeturik, beti aitzakiaren bat edo bertze zela medio. Damu dut orain, damu dut, nahiago nuke egin izan banu, nahiago nukeen bezala lerrook izkiriatu behar izan ez banitu. Ez, ez da jainkorik, edo, baldin bada, gaiztoa da, umezurtz ginenok are umezurtzago utzi baikaitu, babesgabe eta ahul ginenon indarrak are gehiago ahitu dizkigulako. Nork defendatuko du orain Nafarroako euskaldunon duintasuna? Nork, euskarak gure lurrean utzitako arrastoa? Erran nahi baita, nork eginen du hori, Joxemielek bezain xume eta aldi berean bezain ongi, bezain fin? Bizitza, memento batetik aitzinat, hutsunez betetzen hasten zaigu. Handiago, batzuk, txikiago, bertze batzuk. Barnean sentitu arren, kanpoan ere ikusten ditugu. Duela jada urte franko, Joxemielek, bertze bi lagunek eta laurok Zaldikoko sotoan afaldu genuen. Gau hura iltzaturik gelditu zitzaidan gogoan, auskalo zergatik: giro ona, ondoan nituen mintzakide iaioak, solas atsegina. Egunen batean, beharbada, berriz elkartuko gara Zaldikon, sotoan, menturaz, hutsune bat lagun dugularik. Adiorik ez, Joxemiel. |