. Senegal, eskerrik asko, berriro ere |
|
Testua eta argazkia: Amaia Alonso, "Kañajora" |
|
|
Diembering herriari eta bere bizilagunei zuzendutako adorez betetako eskutitza: Kasumay! Bumba jine! Nola doaz eguneroko gauzak herri bitxi, eder eta magiko horretatik? Ziur aski betiko martxan; emakume batzuk arroza biltzen soroetan goizetik gauera, beste batzuk merkatuan barazki eta fruituak saltzen, edo etxeko lanetan eta ume jaio berriekin gelditu gabe lanean, gizon batzuk hirian turismoarekin lan egin nahian, besteak arrantzan, palmondoen ardoa jasotzen edo patxadaz tea hartzen. Eskutitz honen bitartez eta nire hitz xume hauekin eskertu nahi dizuet niregatik egin duzuen guztia. Eskerrik asko ni neu ezagutzen ikasten laguntzea-gatik. Mila esker nirekin horren maitagarriak izan zaretelako eta ikusi ninduzuen lehenengo momentutik baldintzarik eta interesari gabe maitatu nauzuelako. Zenbat bizipen eta esperientzi pasatu ditugun elkarrekin, ezta? Gogoratzen zarete iritsi nintzen lehenengo eguneko erditzea? Flipatua nengoen! Mundura umetxo bat ekartzen lagunduko nuen!! Hor nengoen ni emakumearen sabelari bultza eta bultza nire indar guztia jartzen eta sentsazio arraroak sentitzen nire barrenean, usain fuerte bat zegoen, bero ikaragarria, odola leku guztietatik.. emakume haurduna ezin oihukatu, ezin ahotik soinurik atera, beren kultura dela medio. Anestesiarik ez dago eta episotomia egiteko guraize txiki batzuekin moldatzen dira. Zintzoa banaiz zorabiatu nintzela esango dizuet konturatu ez zineten arren, une batean lurrera eroriko nintzela pentsatzen nuen, baina umetxoa atera genuenean gaitz guztiak aldendu zitzaizkidan. Bigarren erditzean negar malkoak ateratzen zitzaizkidan niretzat oso hunkigarria izan zelako. Egunak eta asteak pasa ahala emagin ederra bihurtu nintzen ehhh!!! Egunero ordu gutxi batzuk pasatzen nituen eskolan andereñoekin batera, ahal nuen modu hoberenean klaseak ematen laguntzen, 185 umeri hain zuzen ere. Hantxe aritu nintzen nire jolas eta abesti euskaldunak erakusten: "Pintxo-Pintxo gure txakurra da ta..." Kwatay, zuen hizkuntza, kostata bada ere, zertxobait ikasi nuen komunika ahal izateko. Bizilagun guztiek praktikatzen lagundu didazue "dingilis-dingilis" (poliki-poliki) Eyehem! (eskerrik asko). Asko gustatzen zaizue zuen hizkuntza eta kultura ni bezalako pertsonak ezagutzea eta ikastea. Zuekin identifikatzen naiz, euskara eta nire kultura ere, ikaragarri maite ditudalako ere. Alaba, arreba, ahizpa, izeba, lehengusina eta laguna sentitu naiz. Familia artean egon naiz lehenengo egunetik azkenera. Gaur egun hemen Burlatan nagoela, egunero telefono deiren bat jasotzen dut zer moduz nagoen galdetzeko eta egunero emozioz negar egin arazten didazue. Gogoratzen dituzue nire azkeneko hiru egunak? zelako negarrak bota nituen! Negar batean, tristura handiarekin Burlatara itzuli behar nintzelako eta zuek guztiok ni kontsolatu eta animatu nahian, itzuliko nintzela esanez. Nahiago nuke itzultzerik banu! Inshala! Nire alde dagoen guztia egingo dut aurten ere Diemberingen agertzeko. Gauza asko dauzkat oraindik egiteko eta ikasteko: Mbalax dantza tradizionala, arrozaren bilketa, sukaldearen sekretuak (maffe, yassa, yebuyen, bissap..), egurraren lanketa, panpinen fabrikazio-prozesua, maskorrei zuloak egin, ileari txirikordak egiten ikasi, erritual eta zeremonietan gehiago parte hartu, erleetara joan, palmondoaren ardoaren prozesua ikusi, matxetearekin kokoa zuritu, herria eta txoko guztiak arakatzen segitu, Kwatay gehiago ikasi, abestiak eta esanahiak ere, zuen herri-historia mamitsua hainbeste lotzen nauena miatzen jarraitu, eta zuekin BIZI! Tira ba lagunak, eskutitza hau amaitzear nago baina ongi dakigu hau ez dela agur bat; beti kontaktuan izango gara. Agurtzen da zuen Amaia "Kañajora" (herrian zehar asko ibiltzen den pertsonari deitzen diozue eta nire goitizena bihurtu zena ere) hurrengora arte. Jarraitu horren bereziak izaten. |