. Burlatako Jauregitxoak

Testua: Ziripot. Argazkia: Maitane

Maiatzaren bukeaera aldean zabaldu ditu berriz ateak Burlatako Jauregitxoak. Ostiral goizean politikariak izan ziren bertan eta ondoren herritarrek aukera izan dute jauregi berritua bisitatzeko eta ikusteko.

Jauregia XIX mendekoa da, estilo modernista du eta 1991. urtean erosi zion Burlatako Udalak Francisco Uranga jaunari garai hartako 360 milioi pezeta emanez 26000 metro koadroren truke. Hiru milioi euro bideratu dira jauregiaren zahar- berritzean.

Ostiral goizeko ekitaldia hagitz lotsagarria izan zela esan behar dugu, batez ere, inork ez zuelako entenditu zer egiten zuen bertan Roberto Jiménez jaunak. Zergatik hartu zuen hitza? Zergatik zegoen alkatea, kontseilaria eta Zapateroren gobernadorarekin? Zein da bere kargua? Guk dakigula parlamentari soila da. Ikaragarria PSNk duen jokaera alderdikoi eta lotsa-emangarria.

Bestela zer esanen dugu: Jauregitxoan ditu anitz sartu dela, eta horren ondorioz, hagitz funtzionala eta modernoa geratu dela barrutik. Hiru solairu ditu eta erdisoto bat. Behean, erdisotoan, areto eder bat dago ekitaldiak eta kultur jarduerak burutzeko, agian hemen eginen dira ezkontza zibilak. Beheko pisuan, kafetegia, jatetxea eta terraza eder bat ditugu. Lehen solairuan, erakusketa areto txukuna eta kristalezko begiratokia, egongela pollita da. Bigarren solairuan, hiru gela, bat informatika lanak egiteko, beste bat, margo lanak egiteko eta azkena, gela anitza edo dei genezakeena.

Jauregiak kanpoaldetik gorde du bere itxura modernista, bere aurrealdea, hagitz ederra ageri zaigu.
Benetako protagonistak falta ziren zabaltze ekitaldietan, gazteak, tailer-eskolan parte hartu duten gaztetxoak, hain zuzen ere 400 baino gehiago izan baitira esku hartu dutenak jauregitxoa berritze lanetan zenbait unetan. Jauregitxoaren azken lanak 6000-Egitasmoarekin ordaindu dira, hain zuzen milioi eta erdi euro erabili izan dira lan hauek guztiak egin ahal izateko.

Emaitza txukuna dela esan behar dugu, orain erabili egin behar da. Herriko taldeek erabiltzeko izan dadila nahi genuke guztiok. Hitzaldiak, erakusketak, ezkontza-jaiotza-heriotza zibilak egiteko leku pollita da.

Jatetxeak prezio onak paratuz gero agian funtzionatu lezake. Orain gure esku dago bizitasuna eta berotasuna etxeari ematea, ea denon artean lortzen dugun.