.Koadernodun gizona
Testua: Angel Erro
 

 

Ekainak 26. Gaur, Florida parkean dagoen jatetxe batean bazkaltzeko, Josean, Albert, eta hirurok elkartuko gara aspaldiko partez. Gasteizen nago dagoeneko, denboraz etorri naiz, lasai aparkatu ahal izateko, eta denda batera joan nahi nuelako. Azkenean ez dut nire gustuko kamisarik aurkitu.

Hasi naiz kaiertxo hau leku guztietara eramaten, Miren Agur Meaberen poema horretan bezala, kaierdun emakumearenean. Agian egia da gauzatxoak notatzen ibiltzea ez dela maskulinoegia. Neure ingurura begiratzen dut, terraza batean nago, zerbeza (maskulinoa) mahaian dudala eta hau idazten. Inork ez nau bereziki arraro begiratzen. Ez onerako ez txarrerako inork ez nau begiratzen. Baina, bai, (norbaitek instante batez begiak nigan pausatuko balitu, oi, ai, oi) zer pentsatuko luke?

Gero, bazkaldu ondoren, aukera baldin badut, E.-ri proposatuko diot saiakera gay horretan esku hartzera animatu nahi duen. Ea nola azaltzen diodan.

Nire letra moldeari erreparatzen diot orain, diodan hitzari eman diodan formari. Lumaz idazten dudanetik (hori ere ai, oi, ai), letra politagoa dut, seguruenik ez dudalako papera horrenbeste estutzen, edo agian ez da horregatik. Denbora luzea neraman eskuz idatzi gabe, doktoregoko apunte azkar eta axolagabeak ez baziren, eta baliteke, nik idatzi gabeko tarte horretan, kaligrafia aldatu izana, bera ere helduarora iritsi izana. Baliteke. Orain lotsatzen naiz neurri askoan onanistikoa gertatzen ari den ariketa honetaz. (OHARRA ipuin edo poema baterako: "Idazten hasi nintzen zerbait sakona, zerbait benetan garrantzizkoa eta berria, zerbait esentziala adierazteko gogoak akuilatua. Etsi behar izan nuen, horrelakorik ez nuelako nik erdiesterik. Esteta egin nintzen, bestek dagoeneko esana nik polito berresateko. Arazoak baino ez nituen aurkitu. Etsi diot horri ere, eta orain, eskolako lehen urte haietako marradun kaier horietan bezala, nire irrika bakarra lehengo hura da Šidazle ororen lehen eta azken nahikaria?-, letra ederra egitea.") Broma bat dirudi, eta bada, baina letra politari diseinu grafikoa deituz gero, zer?

Hauek ez datoz. Ez nintzen tokiaz okertuko? Burua goratu dudanean ohartu naiz ondoko mahaian gizon bat dagoela eseria, Macintosh zuri bat aurrean duela. Bera ere zuriz jantzita dago, eta fular more bat darama. Zapatak zuri-beltz, aitzinako mokasin haiek bezalakoak. Orain badut nor eta nork begiratua. Zer pentsatuko dugu elkarrez? Nik, ezagutu ez arren, ez dut zalantzarik bera ulertua dela, eta ez nago seguru zerk ikusarazten dit horren argi, zehazki zerk. Macintosh zuriak salataria izateko aukera asko ditu. Literario jarrita, irudika nezake bera ere nire potreta egiten ari dela, nitaz idazten alegia, agian libreta batean idazten ari izanaren zaharkeriaz hausnarketa bat (eta egia da prehistori-koa sentitzen ari naizela). Baina, seguruenik ez, agian parke hau wifigunea da eta korreoa erantzuten du, edo agian diseinatzaile grafikoa eta tipografia frogak egiten ari da, azkenak, hemendik ordu erdira duen lan bazkarian, bezeroei aurkezteko. Burua jaso eta begiratzen diodan (kasik) bakoitzean, berak ere burua pantailatik apartatzen du eta begiratzen dit. Nigan zerbaitek eramango du maritxua naizela ondorioztatzera? Zerk harrituko ninduen gehiago, baiezkoak ala ezezkoak? Zeintzuk dirateke nire aztarnak? (In margine: begiraden jokoaz gain). Zeinen grafikoa den, horretan pentsatzera jarrita, luma ateratzea espresioa (eta luma klase asko dago), espezie berbereko espezimenen arteko elkar ezagutzarako. Zeinen zaharra, zeinen proustiarra den hau guztia.

Mahai gainean, garagardo bukatu gabea, koadernoa eta, haren barruan, luma utzita, altxatuko naiz eta komunera abiaraziko. Hori egitea pentsatu dut, esaldi hau bukatzearekin batera, pelikuletan bezala, azken begirada lizun bat jaurtikiz, susmoa dudan arren zuriko gizonak ez duela ordenagailua hor bakarrik utzi nahi izango, edo azken momentuan, nik jasotzeko imintzioa egin bitartean, Albert edo Josean agertuko dela terrazara eskuarekin niri agurtuz, edo (susmo honek larritzen nau gehien) ez dudala inoiz esaldi hau amaitzeko ausardia bilduko.