GERO
BI PARTETAN PARTITUA ETA BEREZIA
LEHENBIZIKOAN EMAITEN DA ADITZERA,
zenbat kalte egiten duen, luzamendutan ibiltzeak, egitekoen
geroko utzteak.
Bigarrenean kidatzen da, eta aitzinatzen, luzamenduak utzirik,
bere hala, bere egin bideari lothu nahi zaikana.
Eskritura Saindutik, Elizako doktoretarik eta liburu debozinozkoetarik,
Axular Sarako errotorak bildua.
Ne tardes converti ad Dominum, et
ne differas de die in diem, Eccles 5.
BORDELEN
G. Milanges erregeren inprimazaillea baithan
1643
GOMENDIOZKO KARTA
1 Ene iaun BERTRAND DE ECHAUS, Tursko Arzipizpiku, Frantziako lehenbiziko erremusinari: Ordenako aitonen seme, eta erregeren Konseillari famatuari.
ZERUKO LORIA
Neure iaun maitea, ioan zatzaizkit lurretik, baiña ez gogotik, eta ez bihotzetik. Heldu nintzen. Ezterautazu iguriki. Ordea eneak dira faltak, enea da hobena. Gerotik gerora ibili naiz, eta hala dabillanari gerthatzen ohi zaikana egin zait niri ere.
Baiña guztiarekin ere, neure obligazino handiek, ontasun errezibituek, eta bethiere, ene alderakotzat, obrekin batean, erakutsi duzun borondate borondatetsuak, ezterautate utzten, ondotik bedere, zutzaz orhoitzapen egin gabe, liburutto hunen, kanporat atheratzeko, ausartziaren hartzera.
Zeren iduritzen zait ezen oraiño bizi zarela, begien aitzinean zaitudala: eta halatan, hala baitzinitut bezala, mintzatu nahi natzaitzu.
2 Aita prestu ohorezko bat hiltzen denean, ondotik gelditzen den seme emazurtza, anhitz lekhutan da bere aitaren amoreakgatik, ongi ethorria, eta erraiki errezibitua. Liburutto haur da emazurtza. Posthumus. Aita hillez gero sorthua. Baiña zu bezalako aitaren semea, emazurz izanagatik ere, ezin dateke gaizki. Zeren ondotik ere, zure prestutasuna, ohorea eta fama ona, baliatuko baitzaitza.
Eta zure prestutasunaz, ohoreaz, eta aitzineko eta ondoko, fama on famatuaz, nork zer erranen du?
Nor da euskal-herrian aldez edo moldez, zordun eta obligatu etzaitzunik? Behartu eta enplegatu etzaituenik? Eta baliatu etzaitzanik? Zure etxea, egon eta ibili zaren lekhu guztietan, bethiere izatu da, euskaldunen etxea, pausalekhua eta portua. Guztiek zuregana laster. Zuri bere arrenkurak, egitekoak, koaitak, eta ondikoak konta. Eta zuk guztiak arraiki eta alegeraki errezibi. Zuhurki konseilla, kida, goberna eta burutan athera.
Zu izan zara, eta izanen zara, euskaldunen ohorea, habea, iabea, sostengua eta kantabres fina, naturala eta egiazkoa.
3 Zu izan zara Echaus, mendi Pirinioetan, Alduideko hegaletan, bethiere zentinela, eta begiraille bezala, iratzarririk, dagoen iauregi eta gaztelu handi, eder, noble hartako seme. Hango Bizkondeak eta seme guztiak izatu dira bethiere, egundaiñoz gero, erregez enplegatuak, estimatuak, fin eta leial frogatuak. Eta bai egiazko fedearen eta legearen defendatzaille, eta aitzinatzaille buruzagiak ere. Nafarroa behereko parte hetan, bertze anhitz lekhutan bezala, lege katolika saindua, iduriz flakatzera, kordokatzera eta erortzera zihoanean, badaki munduak nola zure aita Iauna, bere etxeaz, onez eta biziaz ere kontu guti eginik, ioan zen Donapalaiora, non baitzen orduan Nafarroako Parlamenta. Eta han ausartzia handi batekin, bere bihotz giristino noblearekin, hasi zen, ezpata biluzia eskuan harturik, oihuz, Matatias bat bere denboran bezala, erraiten zuela: Omnis qui habet zelum legis, statuens testamentum exeat post me (2 Mach 2). «Ea giristinoak, giristino izenarekin, izana duzuenak, bertze egiteko guztiak utzirik hurbil zakizkidate, iarraiki zakizkidate eta egiazko legearen eta fedearen mantenatzen eta sostengatzen, lagun zakizkidate». Eta hanbat egin zuen, non bere herria eta ingurunekoak ere, hetan sartzera zihoan eritasunetik begiratu baitzituen. Eta gero handik hartako herraz eta mendekuz bere iauregi ederra erre zioten. Hunelakoak ziren zure aita Iauna eta bai bertze aitzinekoak ere.
4 Bada eztuzu zuk ere zeure arrazaz ukhatu, etzara zeure leiñutik eta ethorkitik hastandu, berezi eta ez aldaratu. Zeren zuk ere Baionako Ipizpiku zinenean, eta bisitan zenenbiltzanean ikhusirik ezen, elizatik kanpoan zebiltzan iende batzuek, nahi zituztela, bere azken finean, gorputza elizan sarthu eta ehortzi; zeure bisita hautsirik, Nafarroako hirur estatuak bildurik, ioan zinen Gorthera: eta han anhitz trabaillu iraganik, kontrakarra izanik, ekharri zenduen, gero ere, behar zen erremedioa, eta handik harat, halako desordenuen debekatzeko ordenantza eta manamendua. Beraz etzara zu ere, zeure aitzinekoen giristinotasunaren gibelatzaile izatu.
Bada ez eta ohorearen iraungitzaille ere. Aitzitik badirudi ezen zuk xedea aitzinatu duzula, marra iragan duzula, eta Echausko etxearen arropa gorriaz bestitzeko bidetan izan zarela. Zeren ezta eztakienik, ezen erregek hartarakotzat hautatu eta izendatu zinituela. Eta kolpea huts egin bada ere, eztela zure faltaz edo zu hartako ez gai izanez, huts egin, zeren utzirik alde batetara zure merezimendu handiak: eta elizari, erregeri eta komun guztiari, anhitz okhasinotan egin derauztetzun zerbitzuak eta endrezuak, naturalezak berak ere anhitz donu, dohain, eta abantail suertez dotatu, hornitu eta konplitu baitzaitu. Adimendu eder bat, memorio handi bat, eta borondate onera, ohorera, eta prestutasunera erori bat, isuri bat, eta eman bat eman baiteratzu.
5 Baiña zertako sartzen naiz ni itsas hondar gabe hunetan? Ezin athera naitekeien oihanean? Zure laudorioen aiphamenean? Berak dira bere buruz asko gora mintzo: berak dira bere baithan asko klar eta ozen. Utz ditzadan beraz nik hek, hutsik eztagidan. Eta iragaiten naizela aitzina, derradan hutsik egin gabe. Zer ere eskiribatuko baita euskaraz, hura guztia, euskaldunen buruzagi bezala, zuri dagotzula, zuri zor zaitzula, eta arrazoiñez orai ere zuri presentatu behar zaitzula. Eta guztiz ere zure zerbitzari ttipi hunen trabaillu aphur haur, gerotik gerora egitekoen luzatzeak, zenbat kalte dakharkeien, zuk hain ongi dakizun pontu haur, nori egonen zaika zuri ezpadagotzu? Nork kidatuko, nork ostatuko du, zuk ezpadezazu?
Zure gerizan doha: zure itzalaren azpian benturatzen da, errezibi ezazu bada, defenda ezazu, alde zakitza, egiozu begitarte. Ediren bedi liburutto hunetan, Echaus eta Echausen omena eta izena. Zeren halatan eta harekin batean, ibiliko den lekhu guztietan, burua gora ekharriko du, burupe izanen du eta nehoren guti beldurrik, iendartera, bere begitartea, ausartki atherako du.
Bai ordea ioan zara: lekhuz aldatu zara: hemengo aldia egin duzu.
Egia da, hala da. Eta aldez damu dut, eta aldez atsegin. Damu, zeren ezpaitzaika nehori ere handik, niri bezanbat kalte ethorri.
Atsegin. Zeren nola ezpaikara bi mendetako eta zuk zeurea, hain ongi, hain ohorezki eta dohatsuki iragan baitazu, esperantza baitut zeruko lorian, Iainkoaren konpaiñian, kredit handiarekin zaudela: eta hortik helduko zatzaizkidala, eskua emanen derautazula: eta arranoak, airean dohanean, bere umetara bezala, zuk ere enegana begia edukiko duzula. Eta gero nik ere (hemengo aldia egin hurran baitut), Iainkoaren garaziarekin eta zure arartekotasunarekin batean, zure zorthe ona erdietsiko dudala: eta orduan guztiez eskerrak errendatuko derauzkitzudala. Iainkoak hala nahi duela.
Zure zerbitzari ttipiena, eta obligatuena.
P. DE AXULAR
APPROBATIONES
Visis per nos Vicarium Generalem Illustrissimi ac Reverendissimi D. D. Francisci Fouquet Episcopi Bayonensis, attestationibus de mandato eiusdem Domini factis et supra insertis, dictum de non procrastinanda poenitentia librum imprimi permisimus. Datum Bayonae anno Domini 1642, die secunda Decembris.
PERRIQUET
Vicar. General.
Hunc librum de non procrastinanda poenitentia authore Domino Petro de Axular, viro magni nominis in nostra Cantabria, ac celebri nuper rectore de Sara, mandato Illustrissimi Domini Domini mei Episcopi Bayonensis accurate evolvi, et in eo nihil adversum fidel pietatique, sed recta omnia ornata, et ad bonos mores multum conducentia, iudicasse ego infra scriptus testor. Datum apud Sanctum Ioannem de Lus die quarto decembris anno Domini millesimo sexcentesimo quadragesimo secundo.
SALVATUS DE DISSANECHE
Ego infra scriptus iussu Illustrissimi ac Reverendissimi Domini Domini mei Episcopi Bayonensis attente legi librum de poenitentia non differenda cantabrico idiomate a Domino Petro de Axular meritissimo olim rectore de Sara compositum, in quo omnia orthodoxae fidei et bonis moribus consona reperi, atque uberem authoris facundiam magna cum erudictione ac singulari pietate conjunctam non semel admiratus sum. Ideo in lucem perutiliter prodire posse censeo ac iudico. Datum apud Sanctum Ioannem de Luz die 25 Decembris millesimo sexcentesimo quadragesimo secundo.
PETRUS DURTHUBIE
Doctor Theologus
IRAKURTZAILLEARI
6 Egun batez, konpaiñia on batean, euskaldunik baizen etzen lekhuan nengoela, ekharri zuen solhasak, izan zen perpausa, etzuela, deusek ere hanbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko utzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak. Eta on zatekeiela, gauza hunetzaz liburu baten, euskaraz, guztiz ere euskararik baizen etziakitenentzat, egitea: eta hartan, gero dioenak bego dioela erakustea. Konpaiñia berean galdegin zen berehala, ea nori emanen zeikan liburuaren egiteko kargua. Eta bertze guztien artetik, hasi zeizkidan niri neroni aditzera emaiten, lehenbizian kheinuz eta aieruz, eta gero azkenean, klarki eta agerriz, nik behar nituela, egiteko hartan eskuak sarthu. Ordea nola ezpainintzen neure buruaz fida, desenkusatu nintzen ahal bezanbat. Baiña alferrik, zeren hain zinez eta batetan lothu zeizkidan, non ezetz erraiteko bide guztiak hertsi baitzerauzkidaten. Eta hala deliberatu nuen, buru-eragotzkarri bezala, liburutto baten, bi partetan partiturik, gero hunen gaiñean egitera.
Eta nahi nituzkeien bi parteak elkharrekin, eta batetan athera. Baiña ikhusirik zein gauza guti edireiten den euskaraz eskiribaturik, gogan behartu naiz eta beldurtu, etziren bideak asko segur eta garbi, baden bitartean zenbait trabu edo behaztopa-harri. Eta halatan hartu dut gogo, lehenbiziko parte hunen, lehenik benturatzeko, eta berri iakitera bezala aitzinerat igortzeko. Hunek zer iragaiten den, zer begitarte izaiten duen, eta nor nola mintzo den, abisu eman diazadan. Gero abisu haren arauaz ethorkizunerat gobernatzeko: eta bigarren partearen kanporat atheratzeko, edo barrenean gelditzeko eta estaltzeko.
7 Badakit anhitzek miretsiko duela eta edirenen arrotz eta estraiñio, ni lan huni lotzea. Zeren anhitz izan baita orainokoan, eta baita orai ere, ni ez bezalakorik, ni baiño hunetako gaiagorik, eta anzatsuagorik, ezpaitute guztiarekin ere, orainokoan, hunelako materiatan, hunela ausartziarik eta eskudantziarik hartu. Baitirudi ezen asko behar lizatekeiela arrazoin haur ene gibelatzeko eta geldi arazitzeko ere. Baiña ene kontra dela dirudien arrazoin hunek beronek, ni esportzatzen eta aitzinatzen nau, hunek bihotz emaiten deraut, haur edireiten dut nik neure alde eta fabore, zeren enseiukarrean bezala egiten diren lehenbiziko obrek eta enseiuek, zenbait huts eta falta izanagatik ere, badirudi ezen, zeren lehenak diren, barkhakizun direla, eta bat bederak disimulatzeko, ez ikhusi iduri egiteko, eta are desenkusatzeko dituela.
8 Badakit halaber ezin heda naitekeiela euskarako minzatze molde guztietara. Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan. Batak erraiten du behatzea, eta bertzeak so egitea. Batak haserretzea eta bertzeak samurtzea. Batak ilkitzea, bertzeak ialgitea. Batak athea, bertzeak bortha. Batak erraitea, bertzeak esatea. Batak irakurtzea, bertzeak leitzea. Batak liskartzea, bertzeak ahakartzea. Batak hauzoa, bertzeak barridea. Batak aitonen semea, bertzeak zalduna. Finean bat bederak bere gisara, anzura eta moldera. Eztituzte euskaldun guztiek legeak eta azturak bat, eta ez euskarazko minzatzea ere, zeren erresumak baitituzte diferent.
9 Bada eskiribatzeaz denaz bezan batean ere ez naiz egiteko gabe. Zeren bada hunetan ere diferentzia. Batak eskiribatzen du chehero, bertzeak gehero. Batak chedea, bertzeak gedea. Batak ichilik, bertzeak igilik. Batak lachoa, bertzeak lajoa. Batak choil, bertzeak joil. Batak kecho, bertzeak kejo. Batak chuchen, bertzeak jugen. Eta hunela bada bertzerik ere zenbait hitz, batak eta bertzeak, nork bere herriko edo erresumako arauaz diferentki eskiribatzen baitituzte.
Ordea zeren ezpaitira hamar bat hitz edo baizen, hunela diferentki, eta bi aldetara eskiribatzen direnak: halatan nik ere zenbait aldiz eskiribatukoitut alde batera liburuan barrena, eta bertze aldera liburuaren bazterrean, in margine : bat bederak zerbait kontentamendu duen amoreakgatik.
Finean eskiribatze hunen gaiñean, diot ezen, nola latinak bi i eta bi v egiten baititu bat eta hartzen batentzat: adjicio, conjicio, vultus, vulnus. Eta espaiñolak ere bi l egiten baititu bat, llamo, lloro: hala euskarak ere bi t egiten dituela bat, ttipia, ttipittoa, gizonttoa, haurttoa. Zeren eskiribatzera txipia, txipitxoa, gizontxoa, haurtxoa ezta ongi heldu, euskaraz ongi minzatzen direnen artean.
10 Baiña zeren komunzki, hala eskiribatzea, nola minzatzea, nori berea iduritzen baitzaika hoberenik eta ederrenik: eta ene haur ezpaita zurea bezala, ez, othoi, hargatik arbuia eta ez gaitz erran. Hunetzaz kontent ezpazara, egizu zuk zeure moldera, eta zure herrian usatzen eta segitzen den bezala. Zeren ez naiz ni hargatik bekhaiztuko, eta ez mutturturik gaitzez iarriko. Aitzitik haur da nik nahi nukeien gauzetarik bat, ene enseiu aphur hunek kilika zinitzan eta gutizia, enseiu hobeago baten egitera eta ene hemengo falten ere erremediatzera. Zeren halatan, ez lizateke euskara hain labur, eskas eta ez hertsi, nola munduak uste baitu, eta baitaduka, dela.
Orai badirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe. Zeren are bere herrikoen artean ere, ezpaitakite batzuek, nola eskiriba, eta ez nola irakur.
Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzeses, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berèk dute falta eta ez euskarak.
11 Eztut liburutto haur letratu handientzat egiten. Eta ez xoil, deus eztakitenentzat ere.
Ez eta, eztitut bethiere, eskritura saindua eta doktoren erranak ere, hitzez hitz euskarara bihurtzen. Zeren euskara eta bertze hitzkuntzak diferent baitira. Ordea ezta ez handik segitzen gaixtoago dela euskara. Aitzitik badirudi ezen bertze hitzkuntza eta lengoaia komun guztiak bata bertzearekin nahasiak direla. Baiña euskara bere lehenbiziko hastean eta garbitasunean dagoela.
Baiña euskara eta euskararen minzatzeko eta eskiribatzeko moldeak eta diferentziak utzirik: zeren hek azala eta lorea bezala baitira: har ezazu liburutto hunen fruitua, barreneko mamia: haur dasta ezazu, haur eskuzta ezazu, irakurtzen duzula, ez lehiaz, ez gaingiroki eta ez arbuiatzeko kontuan ere. Baiña intenzione on batekin, zeurea, zeurk egina baitzendu bezala, eta baldin halatan eta orduan, bat ere gozorik edo zaphorerik edireiten badiozu, zeren hura guztia Iainkoaganik heldu baitateke, eta ez eneganik faltarik baizen, hari eskerrak errenda iatzotzu, eta nitzaz ere othoitz egiteaz, arren othoi, orhoit zaitezi.
VALE
GERO
HASTEN DA GEROTIK GERORA DABILLANAZ, EGITEN DEN LIBURUAREN LEHEN PARTEA
NOLA BERTZEAK BERTZE DIRELA, ALFERKERIATIK
IHES EGITEAGATIK ERE BEHAR DEN
TRABAILLATU
LEHENBIZIKO KAPITULUA
12 Gure Iaungoikoak, munduko bertze gauza guztien ondoan, gizona bera, bere gainki, bere imajinara eta idurira, bat ere bekhaturik eta bekhaturen kutsurik ere gabe, anhitz donu, dohain, eta abantail suertez dotaturik, egin zuenean, ibeni zuen berehala, lurrak zuen parterik, eta aurkientzarik hoberenean, lurreko parabisuan, lekhu plazerez bethean. Eta manatu zuen lant zezala, labora zezala, eta begira ongi parabisu hura. Posuit eum in paradiso voluptatis, ut operaretur, et custodiret illum (Gen. 2).
Ordea nola lur-lantzea, aphaintzea, laboratzea, eta begiratzeko beharrean eta premian ere iartzea, bekhatutik sortzen eta heldu diren xertoak, landareak, fruituak, eta ondoreak baitira, eta oraino orduan ezpaitzen bekhaturik, eta ez bekhaturen aierurik, omenik eta ez aiphamenik ere, badirudi ezen etzela halaber, oraiño orduan, parabisu haren lantzeko, eta begiratzeko premiarik. Zertako, beraz, eman zioen orduan, Iainkoak gizonari, manamendu hura? Ihardesten du San Tomasek, erraiten duela: Nec tamen, illa operatio esset laboriosa sicut post peccatum, sed fuisset jucunda, propter experimentum virtutis naturae. Custodia etiam illa non fuisset contra invasorem, sed esset ad hoc, quod homo sibi paradisum custodiret ne ipsum amitteret peccando (S. Thom. 1. p. qu 102 art. 3). Etzen ez orduko trabaillatze hura, penagarri izanen, orai bekhatu eginez gero bezala. Baiña hura izanen zen atsegin hartze bat, eta bere plazerera, eta aisiara zegoela, bere indarraren eta anzearen frogatze bat. Eta begiratzea ere, ez etsaietarik, baiña bereganik, eta beretzat bekhatuz galtzetitk begiratzea, izanen zen. Hunela dio San Tomasek.
13 Baiña San Krisostomok emaiten du bertze arrazoin bat, ni narraikan pontuari hobeki hurbiltzen zaikana, erraiten duela: Propterea praecepit Deus ut operaretur illun, si enim laboris omnis fuisset expers, ex nimio otio, in ignaviam fuisset prolapsus (Chrys. hom. 14 in cap. 2 Gen. tom. 3). Egia da, etzen oraiño orduan, lur-parabisu hartan egitekorik, etzen trabaillatzeko premiarik. Ordea halarik ere, etzuen nahi Iainkoak, han zegoena, zegoen geldirik: ez trabaillatzetik alfertzera, eta nagitzera ethor etzedin, eta zein gauza gaixtoa zen, eta den alferkeria, aditzera emaiteagatik.
Kontatzen du Kasianok, Paulo abade zahar hura, palma adar batzuk harturik, hetzaz, zare, saski eta otharre egiten haritzen zela eta gero azkenean, egin ondoan, astearen buruan, guztiak erratzen eta desegiten zituela (Casian. lib. 18 cap. 14). Zeren bataz, nola herrietarik urrun baitzegoen, gehiago baitzekarkeien garraioaren gastuak, obraren balioak baiño: eta berriz bertzea, zeren trabaillu hura guztia orazinotan eta othoitzetan unhatu ondoan, alferkeriatik ihes egiteagatik, hartzen baitzuen, eta ez ondoko irabaziagatik.
Gure Iaungoikoak eman zituen lege zaharrean seietan ehun eta gehiago manamendu eta zirimonia suerte, eta hekin batean hanbat egiteko, non erraiten baitu Iondone Petrik, ez berak, eta ez haren aitzinekoek ere, ezin bururik egin zutela, eta ez iasan hain karga handia. Quod neque patres nostri, neque nos portare potuimus. (Act. 15). Eta nahi baduzue iakin, ea zergatik kargatu zituen Iainkoak hanbat manamenduz, ihardesten du doktor batek: Ut per operationes variorum sacrificiorum otiositas tolleretur, quae multis malis initium tribuit et fomentum (Abulen. in praefat. in Levit). Kargatu zituen hanbat manamenduz, sakrifizioz eta zirimonia suertez, hekin batean khen zedin, hanbat kalteren eta damuren haste eta pitzgarri den alfertasuna.
14 Nola gure Iaungoikoak beztitu baitzituen lurreko animaliak, aireko hegaztinak, itsasoko arraiñak, eta oihaneko zuhaitzak ere, bere beztimenda suerte batzuez. Animaliak larruz eta illez: hegaztinak lumaz: arraiñak ezkataz: eta zuhaitzak azalez.
Eta nola zuhaitzak bere dauden lekhuetarik higitu gabe, eta trabaillatu ere gabe, bere azpiko lurraren gozoa eta gizentasuna, beregana, bere erroez thiratuz
eta edoskiz, hazten, handitzen eta mantenatzen baitira: animaliek ere bere bazkak eta iatekoak, berehala, eho gabe, erre eta egosi gabe, iaten baitituzte: eta bai bere etxeak eta etzauntzak ere, non nahi den, arratsten eta ilhuntzen zaien lekhuan hartzen: eta gehienak, berehala bere ameen ondotik baitoazi; zein baitira abantail handiak. Hala Iainkoak nahi izan balu, eman zerauzkaion gizonari ere abantail suerte hauk guztiok, eta gehiago ere. Beztitu zukeien, etxedun egin zukeien. Ordea etzuen hala ibeni nahi izatu. Eta zergatik ez? Alfer etzegoen amoreakgatik. Eta San Anbrosiok dioen bezala, errezibitu duen adimendua enplega dezangatik. Soli autem homini, ut rationale quod accepit exerceat, vitae cursus in labore praescribitur (Ambros. in praefat. in Levit). Zeren baldin orai, gauza guztiak hain nekez eta hanbat gostarik, erdiesten ditugularik, hain nagi eta alfer bagara; zer geneidike, nahi dugun guztia, nahi bezala eskuen artean bagendu? Deus falta ezpalitzaiku? Erran genezake Ebanjelioko aberats hark bezala: Anima, habes multa bona, posita in annos plurimos, requiesce, comede, bibe, epulare (Lc. 12). Dezagun ian eta edan; dezagun pausa eta atsegin har; zeren berdin eztugu deusen eskasik, eztugu egun hautan eskean ibiltzeko perilik.
§ 1
15 Erraiten du Aristotelek, on dela, alferkeriaren herritik khentzeko, eta desterratzeko: eta herrien ere bere erregeren edo bertzeren kontra iaikitzetik begiratzeko, zenbait obra handiren hastea, zenbait dorreren edo gazteluren egitea, eta hetan iendearen enplegatzea (Arist. lib. 5 Politic. cap. 11). Nola ageri baita Ejiptoko Piramidetan, zein eragin baitzituen errege Faraonek, iendeak alfer etzeudezin amoreakgatik. Iduriturik errege hari, ezen baldin Israeleko seme gathibu bezala bere azpian zedutzan hek (iragaiten baitziren seietan ehun milla presunatan) utzten bazituen bere plazerera eta aisiara bizitzera, urguillutzeko eta nabusitzeko bidean iarriko zirela, eta handik behar etzena sorthuko zela, egin zuen Piramide batzuen egiteko gogoeta, asmua eta pensua. Eta Piramide hetzaz mintzo dela, erraiten du San Isidorok: Pyramides est genus sepulchrorum quadratum fastigiatum ultra omnem celsitudinem, ut a lato incipiant et in augusto finiantur (Isidor. lib. 5 Ethimol. cap. 11). Piramidea edo Piramideak ziren sepultura suerte batzuk, pilare, harroin, edo thonba laur kantoinetako gora ailtxatu batzuk, egin ahal zitezkeien gorenak, ondoan zabal eta puntan mehar. Eta hetan trabailla arazitzen zituen Faraonek bere azpiko iende hek, seiñalaturik bat bederari, bere eguneko lana eta sailla. Eta eskuaren ibentzea bera asko bazuketen ere, ordea lanhabesak, tresnak, eta obraren egiteko gai guztiak ere, berèk bilhatu eta hornitu behar zituzten. Eta halarik ere, ezin ausart zitezkeien arrenkuratzera: halako moldez ezen hartako lehenbiziko hitza ahotik itzuri zeienean, erran baitzerauen berehala Faraonek: Vacatis otio (Exod. 5). Asti duzue, zeuen ongiegiak, alferkeriak, aisetasunak iratxekitzen deratzue, hark horrela kilikatzen eta mintza arazitzen zaituztezate. Eta halatan aitzinerat kargatuago zituen, lana berretu zerauen. Eta hura guztia egiten zuen, baldin bat ere astirik bazuten, edo alfer bazeuden, handik zerbait ethor zekion gogan beharrez eta beldurrez.
16 Pisistrato Atenasko tirano gaixto hark ikhusi zuenean plaza guztia iende alferrez bethea, eta hetarik anhitz malizia eta pensu gaixto sor zitekeiela, deitu zituen guztiak beregana. Eta aitzinerat alfer egoiteko desenkusarik etzutentzat, eman zerauen mando, zamari, idi, hazi, diru, finean trabaillatzeko behar zuten guztia. Eta gero igorri zituen lanera eta trabaillura, iduriturik ezen halatan etzutela kalterik eginen, maliziarik pensatuko, eta ez herririk nahasiko. (Aelianus, lib. 5 variis histor.).
Munduko berri dakitenek erran dute eta erraiten dute, on dela herrientzat eta erresumentzat, zenbait egiteko eta gerla bere herritik eta erresumatik kanpoan izaitea. Zeren nola bat bedera bakearekin lohakartzen, ez-ansiatzen eta gorputzaren plazeretara emaiten baita. Hala gerlèkin, etsaiekin eta kontrastekin ernatzen, iratzartzen, eta axolduritzen da.
Plutarkok egiten du liburu bat, etsaietarik atheratzen den probetxuaz, eta guztiètako handiena eta prinzipalena dio dela, alferren trabailla arazitzea, lotien iratzartzea, eta antsikabèn ansiatu eta arduratsu egitea (Plutarc. lib. de utilitate ex inimicis capienda). Adiskidèn artean garenean laxo gara, eztadukagu deusez ere konturik: eztugu gaizki mintzatuagatik eta milla erhokeria eginagatik ere antsiarik. Zeren baitakigu, ezen adiskide direnaz geroz, hek guztiak estaliko eta onera hartuko derauzkigutela. Baiña etsaien artean garenean, behar dira buru-beharriak ernatu, zer egiten eta erraiten den behatu. Zeren nola etsaiak bethiere zelatan baitaude, zer ere huts edo falta edireiten baitute, hura berehala harrapatzen dute, eta are batzutan berreturik, airatzen eta kanpatzen dute. Hargatik erraiten du San Krisostomok: Saepe vero ab inimicis non minus lucramur quam ab amicis. Cum enim nobis peccata exprobraverint, et iam invitos, in ipsorum correctionem excitant (Chrys. hom. 13 ad populum Anthio. tom. 3). Anhitzetan egiten derakute etsaiek hanbat ongi eta ontasun nola adiskideek, eta bai batzutan gehiago ere. Zeren etsaiek geure faltak erranez, eta hetzaz eranzute eginez, emaiten derakute okhasino ernatzeko, iratzartzeko, falta eginen emendatzeko, erremediatzeko eta bai are aitzinerat gehiago egitetik ere begiratzeko.
Arrazoin hunengatik erran ahal diteke, etzuela egundaiño, gure Iaungoikoak nahi izatu akhaba zekizten Israeleko seme hei bere etsai guztiak, baiña ordenatu zuen, edo permititu, geldi zekien bethiere zenbait bakhotx eta hondar iratzartzeko, ernatzeko, eta alfertzetik begiratzeko.
§ 2
17 Irabazi zutenean Lazedemoniakoek bere fronterako hiri etsai bat, mugakide zuten bat, erran zuten Lazedemonia hartako bereko gobernariek: Sublata est pubis nostrae palaestra, non habebunt post hac, quibuscum luctentur adversarios (Plutarc. in Aphothe). Egin da gure iende gazteaz, eztute hemendik aitzina ihardukitzeko paradarik izanen eta ez borrokatzeko etsairik.
Lazedemoniako hek berèk etzuten desegin nahi izatu hiri kontrast bat, bethiere bere kontra eta etsai izan zuten bat, erraiten zutela, ezen, hiri hura zela, Iuventutis cotem: gaztetasunaren zorrotz-harria, zeren gaztèk han bere indarra eta antzea frogatzen, zorrotzten, eta herdoiltzetik begiratzen baitzuten (Plutar. ibid.).
Hunen arauaz ihardetsi zuen Kleomenes Sparziako hark ere, galdegin zeraukatenean, ea zergatik hala bere meneraz gero, etzituen bere etsai Argiboak desegin? Ut habeamus qui iuventutem nostram exerceant (Plutarc. in Laco.). Eztitut desegin, dugun amorerakgatik nork gure iende gaztea zertako den froga dezan.
Enzun zuenean Publio Nasikak, egotzi zutela Erromakoek herritik Anibal bere etsai handi hura, Kartago ere hartu zutela, eta hainbertzez, bere ustez, aitzinerat segurean iarri zirela, erran suen: Atqui nunc in lubrico sumus (Plutarc. in Aphothe.). Aitzitik orai gaude egundaiño baiño linburtzeko eta erortzeko peril handiagoan. Zeren ezpaitugu orai, lehen bezala, iratzartzaillerik eta geure eginbidearen eragillerik.
18 Izan zutenean Erromatarrek, desiratzen zuten abantailla eta garaitia Kartagotarren gaiñean, sarthu ziren konseilluan Erromatarrak, ea zer eginen zuten Kartagoko hiri hartzaz (Vide August. lib. de civitate Dei cap. 30 tom. 5). Eta Katonek (prinzipalenetarik bat baitzen) erran zuen guztiak desegin, plaundu eta lurrarekin berdindu behar zuela, zeren bere gerla guztiak eta egitekoak hiri hartarik sortzen zeiztela, eta hura deseginez gero, bakean eta soseguan iarriko zirela. Baiña Szipion kapitain famatu hark ethorkizunari hobeki behaturik, erran zuen: etzutela neholatan ere hiria desegin behar. Zeren baldin desegiten bazuten, gerla bat iraungi ustean, bertze handiago bat pitztuko zutela. Zeren berehala iendea, alferkeriari, ian-edanari, erran-merranei, eta aisiak dekhazkeien gaixtakeria suerte guztiei emanen zeiela. Eta handik nahastekak, diferentziak, guduak, hauziak, etsaigoak, eta Kartagotarrekikoa baiño gerla perilosagoa, bere arthean sorthuko zeiela. Eta hala gerthatu zen. Zeren Szipionen konseillua utzirik, hartu zuten Katonena, desegin zuten Kartagoko hiria, iarri ziren bere ustez bakean. Baiña Szipionek erran zarauen bezala, fite berak, eta Erromako hiria ere, beheititu eta erori ziren.
Egia haur ezaguturik Perikles famatu hark mantenatzen zuen bethiere bere herritik kanpoan zenbait gerla. (Plutarc. in Pericl.). Eta urtheoro igortzen zituen untziak, iendez betherik, gerla hartara. Eta hetan bulkhatzen zituen ediren ahal zitzan alfer guztiak. Eta gero bizitzen zen bake handi batetan. Zeren nola herri guztietan ohi baita komunzki zenbait alfer eta iende galdu, eta hek anhitz kalte eta nahasteka egiten baitute, ontasun handia heldu zaika herriari halako heken khentzeaz. Nola lurrari ere heldu baitzaika probetxu iorratzeaz eta belhar gaixtoen atheratzeaz.
19 Korintioak hain zeizten aiher alferrei, ezen ikhusten zutenean gizon bat bizitzen zela errentarik gabe, ofiziorik gabe, eta trabaillatu ere gabe, berehala bertze frogantzarik gabe, bizia edekitzen baitzioten, zeren erraiten zuten ezen, presuna alfer ofiziorik eta errentarik etzuenak, ohoinkeriaz, enganamenduz edo zenbait arte gaixtoz usatu behar zuela eta halakoak bizia zor zuela, eta hala edekitzen zioten (Laert. lib.). Eta on lizate orai ere, halakoekin hala egin baledi.
Solon handiak ordenatu zuen, ezen aita batek bere semeari ofiziorik erakusten etzioenean, etzela seme hura bere aitaren faboratzera, beharrean ikhusiagatik ere, obligatu izanen (Plutarc. in Solone.). Zeren ofiziorik ez erakusteaz, alfer eta gaixto izaiteko bidean eta perilean utzi batzuen bere aitak.
Gimnosophista zerizten iende batzuek hain gaitzesten zuten alferkeria, ezen bethiere, afalaitzinean deitzen baitzituzten presuna gazteak beregana, iakiteko ia zertan iragan zuten eguna, eta baldin frogatzen bazeien alferkeriarik, etzerauen afariak gaitzik egiten (Patricius lib. de republica).
Katon Zensorino hartzaz irakurtzen da (zeiñek baitzuen alferren gaiñean esku eta bothere) ekhartzen zeraukatenean gizon bat bere aitzinera, akusaturik, erraiten zela ezen alferra zela, berehala lehenbiziko gauza eskuetako larrua hazkatzen, eta ferekatzen zioela: eta baldin latz, lodi, eta gogor edireiten bazioen, ahalik eta arintkiena utzten zuela. Baiña mehe, leun eta bera bazuen, alfertzat kondenaturik, falta gutigatik ere bortitzki gaztigatzen zuela (Plutarc. in vita Caton. Censor.).
Katon hark berak erraiten zuen, hirur gauzetarik, bere mendean, ahal bezanbat, begiratu zela: Emazteari bere sekeretuak fidatzetik, lehiorrez ahal zihoakeiela, itsasoz ioaitetik, eta egun guztian alfer egoitetik.
Lukanoek edireiten zutenean nehork iende alferrei deus prestatzen zeruela, emaiten zuten berehala sentenzia prestatzaillearen kontra: zerere prestatu baitzuen, hura guztia gel zezala (Nicolaus de moribus gent.). Baiña nik uste dut ezen etzela halako sentenziaren emaiteko premiarik, bera baitago emana. Zeren ezpaitu halakoei prestatzailleak, koberatzeko perilik.
Indietako herri batzuetan, etzen bat ere bere gorputzaz balia ahal zitekeienik eskean ibiltzen. Itsuek ere tornuan edo arrodan bedere hari behar zuten. Apud Synas Indiae populos, caeci molas trusatiles versando, sibi victum parant. (Osor. lib. II).
§ 3
20 Lehenagoko filosofo batzuek, ez aithortzeagatik egon zela behin ere Iainkoa alferrik, erran zuten, mundu haur, Iainkoa alferrik, erran zuten, mundu haur, Iainkoa bera bezala, eterno zela eta haste gabe. Zeren bertzela mundua egin arterainoko bitartean alfer egon beharko zuela Iainkoak. Baiña ez mundua da eterno eta ez haste gabe, eta ez hargatik egotu Iainkoa egundaiño alferrik. Zeren badu, eta bazuen lehen ere Iainkoak, munduaren egitea eta gobernatzea baiño obra handiagorik: nola baitzen, eta baita, bere buruaren kontenplatzea, onhestea, eta bai bertzerik ere anhitz. Ordea filosofo hek eman zuten hartan bere ahal guztiaz aditzera gauza gaixtoa eta perilosa zela alferkeria, Iainkoa baithan edireiten zela ez aithortzeagatik, erran baitzuten erhokeria handi bat, Iainkoa bera bezala, mundua ere eterno zela eta haste gabe. Eta pontu batean, mundua haste gabe zela erraitean, huts egin bazuten ere, ordea bertzean, alfertasuna gauza gaixtoa, perilosa, eta nork bereganik egotztekoa zela erakustean, etzuten hutsik egin. Zeren hain da gauza galdua eta galgarria alferkeria, non naturalezaren beraren ere kontra baita. Homo nascitur ad laborem et avis ad volatum (dio Iobek) (Job. 5). Gizona sortzen da trabailluko, eta hegaztina aireko. Nola hegaztinari emaiten baitzaitza hegalak, airatzeko, eta hegaldatzeko: hala gizonari ere emaiten zaitza eskuak trabaillatzeko.
21 Munduko gauza guztiek kondenatzen dute alferra. Zeren hartzaz bertze guztiek enplegatzen baitute bere denbora, zertako eginak baitira hartan. Iguzkiak arrazoiñekin erran ahal diazaio beranduraiño ohean datzanari: zerk aratza hor alfer-nagia? Nik atzo, hik baiño bide gehiago iragan nian, inguratu bainuen mundu guztia, eta orai ere, hi baiño goizago iaiki nauk. Zuhaitzek ere erran ahal dezakete: eztakusazue nola gu ezkauden behin ere geldirik eta ez alferrik? Nola hazten, handitzen, loratzen eta geure denboretan eta sasoiñetan fruituz bethatzen garen?
Bada aniamalia adimendurik eztutenek ere, behintzat erleek eta xinhaurriek, arrazoiñekin erranen derakute, beha diazegula, heken nekeak, trabailluak eta ioan-ethorriak konsidera ditzagula eta, halatan agian, ahalketurik bedere, geure eginbidearen egitera, eta trabaillatzera, ernatuko eta erdutuko garela.
Erleak, hain gauza ttipiak, eta flakoak, bethatzen du mundua eztiz eztitzeko, eta ezkoz argitzeko. Eta gaitz lizateke kontatzea nola gobernatzen diren erleak elkharren artean; nola duten bere erregea, eta obeditzen duten; nola zaharrak kofauean barrena, etxeko lanen egiten, egoiten diren; eta gazteak, bere mantenuaren eta bizikaien garraion, kanpotik hari diren; nola duten bere athal-zaiña, eta behar ere bai. Zeren eztiari, nola baita gozo, eta izena duen bezala, ezti, anhitz, baitarraika, eta baitzaika aiher. Nola trabaillatzen direnek, trabailatzen eztiren alferrak eta nagiak, ezten kolpez egotzten dituzten bere konpaiñiatik. Expellunt ab alvearibus pigras (Plin.). Eta nola bertzerik ere anhitz gauza egiten duten, eta guztiak hain ordenantza handiarekin, non baitirudi ezen eztela erregerik, bere erresuma hain ongi gobernatzen duenik, nola erleek bere erregearekin batean trabaillatuz, gobernatzen baitute berea.
22 Bada xinhaurriaren gobernuaz, zuhurtziaz, trabailluaz, ethorkizuneko egiten duen probisioneaz, hornizoiñaz, eta biltzen duen mantenuaz, nork zer erranen du? Nork eztu miretsiko, eta gogoeta eginen? Spiritu Sainduak berak igortzen gaitu aniamalia ttipitto hunengana, zer egin behar dugun ikhastera, erraiten duela: Vade ad formicam, o piger, et considera vias ejus, et disce sapientiam quae, cum non habeat ducem nec praeceptorem, parat in aestate cibum sibi (Prov. 6). Zoaz, nagia, xinhaurriagana, eta konsidera itzatzu haren bideak eta bidexkak, ioan-ethorriak eta itzulinguruak, nekeak eta trabailluak, eta ikhasiko duzu zuk ere nola behar duzun aitzinerat eta bethiere bizi, ibili eta gobernatu. Hark erakuslerik eta kidaririk gabe, berak bere buruz biltzen du udan, neguaren iragaiteko behar duen mantenua, bazka eta bihia. Eta bihi hura gordetzen du lurrean barrena, berak eginikako ganbaretan, eta bihi-tegietan. Eta hain da zuhur eta goithatu, ezen kanpoan deus ezin izanez, bere bilduetara bildu behar duenean, lehenik hozitu behar duen burutik hasten baitzaika bihiari: zeren bertzela sor liteke bihi hura, buztan liteke, belhar bihur liteke: eta gero handik harat, alfer-lan gertha lekidikaio bere leheneko zuhurtzia guztia.
Are gehiago, hozidurak ianez gero ere, lurraren humidurak ete hezetasunak gaiñerakoa ustel eztiazon, atheratzen du noizik behin kanporat, airatzera eta iguzkiztatzera: eta orduan denbora onaren seiñalea dateke. Eta halatan eta hala iragaiten du xinhaurriak bere negua: eta erakusten dio bat bederari nola eta zer moldez behar duen mantenatu, gobernatu eta alferkeria guztiak utzirik, bere denboran trabaillatu.
ZENBAT KALTE EGITEN DUEN ALFERKERIAK;
ETA NOLA HANDIK SORTZEN DEN, GEROTIK
GERORA IBILTZEA.
KAP. II
23 Eskritura Sainduak, Elizako doktorek, lehenagoko ientilek, eta are zeruko, aireko, eta lurreko gauza guztiek ere kondenatzen dute alferra, eta emaiten aditzera behar dela trabaillatu, eta nor bere aldetik bere eginbidearen egitera enseiatu. Zeren nola ardurako trabailluak, lan guztiak aitzinatzen baititu, hala alferkeriak gibelatzeintu.
Galdegiten du San Krisostomok: Quis equus utilis est: is qui in delitiis vel qui exercetur? Quae navis, quae navigat, vel quae in litore est? Quae aqua, eane quae fluit vel quae stat? Quod ferrum, an quod movetur, an quo nemo utitur? Nunc quidem illud splendet ac argento simile est, hoc autem rubigine consumitur. Tale quidem fit etiam in otiosa onima (Chrysos. hom. 35 in Acta Apost. tom. 3). Zein zaldi da on edo hobeago, geldirik eta alferrik bere plazerera dagoena, ala ibiltzen eta manaiatzen dena? Zein untzi, kostan dagoena, ala itsasoan dabillana? Zein ur, geldia ala lasterra? Zein burdina, zokhoan datzana, ala erabiltzen dena? Segur da, guztiak erabiltzeaz manaiatzeaz eta eskuztatzeaz ontzen, argitzen eta fintzen direla, eta bai alfer eta geldi egoiteaz ere, galtzen, desegiten eta herdoiltzen. Bada haur beror gerthatzen da, alfer dagoena baithan ere.
24 Dabillan harriari etzaika goroldiorik lotzen. Ur irakinean eztu uliak pausatzen. Ardurako arropari etzaika zerrenik egiten. Zuhaitz bethakorra, eztu nehork ebakitzen. Baiña alferra, fauna, hutsa, bere sasoiñean jasaiten eztuena, zertako da? Ut quid etiam terram occupat? (Lc. 3). Halakoak zertako trabatuko du lurra?
Nos numeri sumus, fruges consumere nati, dio Oratiok, alferrez mintzo dela (Horat. lib. 5 cap. 2). Gu kontu gara, gurekin kontuz gehiago, baiña gaiñerakoan, ezkara deusetako, lurreko fruituen eta onen iateko baizen. Zerbitzariak alfer egoiteaz beraz, gaizkirik ez eginagatik ere, merezi du gaztigu. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Nihil boni facere, hoc ipsum est malum facere (Chrysos. hom. 16 tom. 2). Ongirik ez egitea bera, da gaizki egitea. Eta Katonen errana da: Homines nihil agendo, male agere discunt. Ez deus egiteaz beraz ikhasten da gaizki egiten. Otiositas est mater nugarum, noverca virtutum (Bernard. lib. de consider. cap. 11). Alfertasuna da ergelkerien ama, eta berthutèn ugazama. Eta halatan ergelkeriek, erhokeriek eta bizio suerte guztiek egiten dute laster alfertasunera, zeren ama baitute; baiña berthutèk eta obra onèk, ihes. Zeren nola baitute ugazama, baitakite, eztuketela harenganik, begitarterik eta ez ongi ethorririk.
§ 1
25 Erraiten du Iob sainduak, deabruaz mintzo dela: Sub umbra dormit, in secreto calami (Job. 40). Itzalpean, kanaberaren estalgunean eta gerizan egiten du bere loa, han pausatzen du. Kanaberak, nola baita zuhaitz alferra, fruiturik iasaiten eztuena, eta barrenean ere hutsa, signifikatzen du presuna alferra. Eta hartan, nor bere ostatu jakinean bezala, ostatatzen da deabrua. Hargatik erraiten zioen San Jeronimok bere adiskide bati: Facito aliquid boni operis, ut diabolus semper te inveniat occupatum (Hier. ad Rusticum). Etzaudezilla behin ere alferrik, egizu bethiere zenbait obra on, halatan bethiere deabruak enplegatua ediren zaitzan.
Multam malitiam docuit otiositas, dio Spiritu Sainduak (Eccli 33). Anhitz malizia erakutsi izatu du alferkeriak.
Ezta maliziarik eta ez pensu gaixtorik, presuna alferrean ediren eztitekeienik. Asko da erraitea alferra dela, hartzaz edozein gaixtakeriaren sinhesteko.
Per agrum hominis pigri transivi, et per vineam viri stulti, et ecce totum repleverant urticae et operuerunt superficiem eius spinae, et maceria lapidum destructa est. Quod, cum vidissem, posui in corde meo, et exemplo didici disciplinam (Prov. 24). Iragan nintzen gizon nagiaren landatik, eta erho gobernu gabearen mahastitik (dio Spiritu Sainduak) eta guztiak ziren hasuiñez, elhorriz eta belhar gaixtoz betheak: eta hesiak, herstegiak eta harmorak ere, eroriak eta deseginak. Eta hek hala ikhusi nituenean, egin nuen gogoeta, hartu nuen exenplo, ikhasi nuen zer egin behar nuen, eta zentzatu nintzen bertzeren gaiñean. Eta zer den nagiaren landatik eta erho gobernu gabearen mahastitik edo ardantzetik iragaitea, deklaratzen du Glosak, erraiten duela: Per agrum hominis pigri atque per vineam viri stulti transire, est vitam cuiuslibet negligentis inspicere, quam urticae vel spinae replent (Glos. ordin. super 24 Prov.). Nagiaren landatik eta gobernu gabearen mahastitik iragaitea da presuna alferraren eta antsikabearen bizitzearen eta ioan-ethorrien konsideratzea, eta hetan, landa iorratu gabean bezala, anhitz hasuin eta belhar gaixto, anhitz falta, malizia eta bekhatu edireitea. Hasuiña edireiten da alfer-nagiaren landan eta alhorrean, zeren figurat acediam; si molliter tangis urit; si fortiter astringis, non pungit. Hasuiñak signifikatzen du nagitasuna: baldin malguki, leunki, emeki, nagiki eta balakuz bezala hazkatzen, ferekatzen eta erabiltzen baduzu, erreko zaitu; baiña ez nabasiki eta ausartki hersten eta marruskatzen baduzu. Fertilis assiduo si non renovetur aratro, nihil nisi cum spinis, gramen habebit ager, dio Ovidiok (Ovid. lib. de trist). Den lurrik hoberenak ere behar du aphaindu, garbitu eta iorratu. Zeren bertzela belhar gaixtoa izanen da bethiere iaun eta nabusi. Pestis est mortalibus ignavia (Plaut. de Repub.). Ezta izurririk eta ez pozoinik nagitasunak edo alferkeriak bezenbat kalte egiten duenik.
Badirudi hargatik eztuela nahi izatu Iainkoak dagoen behin ere itsasoa geldirik: baiña nahi du ibil dadin, higi dadin, marea dadin. Zeren bertzela usain liteke, kirats liteke: eta are aphoz, sugez, ielez, eta likitskeriaz bethe liteke: lakhuak, aintzirak eta bertze ur geldiak bethetzen diren bezala.
§2
26 Presuna alferra edukazu galdutzat eta hiltzat. Eta handik erraiten du Senekak: Otium sine litteris, est vivi hominis sepultura (Senec. epis. 28). Letra gabeko aisia, deus eztakienaren alferkeria, gizon biziaren hobia da, eta sepultura. Zeren deus eztakiena, eta egiten ere eztuena, presuna hillaren eta ehortzirik datzanaren pare baita. Omnium vitiorum quasi magistra quaedam atque origo otiositas, (dio San Krisostomok) (Chrys. hom. 36 tom. 2). Bizio guztien eta pensu gaixto guztien zimendu, ithurburu eta maestru bezala da alfertasuna. Zeren ithurritik ura bezala, alferkeriatik ere sortzen baitira gaixtakeriak.
Handik heldu da probetasuna, errumeskeria, eskean ibiltzea eta bai ohoin izaitea ere. Pigritia est nutrix aegestatis, dio Senekak (Senec. Lib. de benef.). Nagitasuna da nezesitatearen eta probeziaren unhidea eta haz-ama. Eta erraiten du Spiritu Sainduak ere: Omnis piger in aegestate est (Prov. 2). Nagia bethi da behar, eskas eta errumes. Qui furabatur, iam non furetur, magis autem laboret, ut habeat, unde tribuat necessitatem patienti, dio Iondone Paulok (Ephes, 4). Ebatsten zuenak, eztezala ebats, baiña trabailla bedi, manaia bedi, eta halatan izanen du bere eta bertzeren. Erran nahi du, baldin trabaillatzen bada, eztuela ebatsiko, eta ez errumeskeriakik ikhusiko. Aegestatem operata est manus remissa, manus auten fortis divitias parat dio Spiritu Sainduak (Prov. 10). Esku laxoak eta alferrak, probetasun dakharke, baiña bortitzak eta trabaillariak aberatstasun biltzen du.
27 Otiosus Esau amisit primatus benedictionem, quia maluit accipere quam quaerere, dio San Anbrosiok (Ambros. epis. ad Vercel.). Esau alferrak galdu zuen bere lehentasuna, zeren nahiago izatu zuen hartu, ezen ez bilhatu. Hala egiten dute bertze iende alferrek ere: nahiago dituzte bertzeren onak zuzen edo makhur hartu, eta bereak ere bahitu, eta saldu, trabaillatu baiño. Eta gero ezin har dezaketenean eta ez ebats, eta bahitzekorik eta saltzekorik ere eztutenean, abiatzen dira eskean bataren eta bertzearen forogu, anhitz beltzuri eta bekhaitzkoa izaiten dutela, eta atheak ere maiz, ez ikhusi iduri eginik hertsten zaiztela. Badirudi ezen haur eman nahi zuela aditzera Spiritu Sainduak, erran zuenean: Substrahe pedem de domo proximit tui, ne quando satiatus oderit te (Prov. 25). Gibela ezazu zeure oiña adiskidearen etxetik, ez han maiz ibil, ase eztezazun, higuin etzakitzan, eta gaitzets etzaitzan. Zeren San Anbrosiok dioen bezala: Qui frequenter ad alienam mensam convenit, otio deditus est (Ambros. in epis. ad Thes. cap. 2). Bertzeren mahaira maiz biltzen denak, badirudi alferkeriari emana dela.
Eta halakoa eta halakoak, haiña eta haiñak maiz dira gaizki eta on-behar. Baiña aldez eztira urrikalkizun; zeren bere faltaz, trabaillatu nahi gabez, eta ethorkizunera ez behatuz halakatu baitira. Paga bezate beraz iragan duten aisia, eta alferkeria, presenteko penaz eta trabailluaz, leheneko asea eta soberania, oraiko goseaz eta eskasiaz. In omni opere bono erit abundantia, ubi autem verba sunt plurima, ibi frequenter aegestas (Prov. 14). Trabaillu onean izanen da franko eta frankia, baiña hitz anhitz den lekhuan, maiz da probetasuna eta eskasia. Alferrak xoil dira hitztun eder, solhasturi handi: heken konpaiñian zarenean, ezta zure aldirik, zu baiño hek hobeki enzunak dira, hekentzat da audientzia guztia, hei dagote mundua ahoa zabaldurik, eta beharriak ernaturik beha. Ordea gero azkenean hek eskale eta zu emaille. Haur da alferkeriatik edo nagitasunetik heldu den irabazia, probezia, errumeskeria, bataren eta bertzearen karga, eta forogu izaitea, ondore gaixtoa, kalte handia.
28 Baiña kalte guztien gaiñeko kaltea, alferkeriatik heldu den handiena, zeiñi narraikola erran baitut nik, oraiñokoan erran dudan guztia, da luzamendua, gerotik gerora ibiltzea. Zeren nagi-alferrak eztu behin ere arraiten, egun. Bethi bihar, bethi gero, bethi luzamendu. Alfertasuna da gero guztien ithur-burua, zimendua eta ama; egiteko guztiak egunetik biharrera, presentetik ethorkizunera, eta gerotik gerora luzatzen dituena. Eta ama hunen alaba haur, nagitasunetik eta alferkeriatik sortzen den gero haur, da gure galgarria, gure izurria, eta egundaiñotik gure etsai deabruak gure enganatzeko ediren ahal duen biderik eta arterik hoberena, finena eta segurena.
Beraz guk ere, gero huni eduki behar diogu begia. Hunen geureganik khentzera, urruntzera eta etxetik atheratzera, behar dugu geure indar guztiaz eta antzeaz enseiatu, permatu, deliberatu, eta egun egin behar dugun gauzarik, eta ahal daidikegunik, ez biharko luzatu.
NOLA NAHIKUNDE HUTSETAN, ETA DESIRKUNDE XOILLETAN IRAGAITEN ZAIKUN DENBORA
KAP. III
29 Erraiten du Salomonek, edo Salomonen ahotik Spiritu Sainduak: Sicut ostium vertitur in cardine suo, sic piger in lectulo suo (Prov. 26). Athea bere erroetan bezala, itzultzen da nagia ere bere ohean edo kamastran. Athea bere erroetan eta uhaletan ongi iarria eta pausatua dagoenean erraxki hertsten da eta idekitzen da, aise alde batera eta bertzera erabiltzen da. Ordea erabiltze hek guztiakgatik ere, erabili ondoan bere lekhuan eta tokian gelditzen da. Nagia ere negu hotzean, atheak atheari darauntsanean, ohean higitzen da, bertze aldera itzultzen da, burua goititurik iartzen da. Ordea hargatik itzul inguru heken buruan, lotara bere ohe berora bihurtzen da. Bada haur beror spiritualki, bekhatore nagia baithan ere gerthatzen da. Bekhatoreak egonaren buruan, ezagutzen du bide makhurra daramala, errebelatua dohala. Eta hartzen du zerbait gogo, hartzen du nahikunde bat, bide onera bihurtzeko, bizitze berri bati lotzeko, eta anarteraiñoko aztura gaixto guztien utzteko.
Ordea gero ere, iraultze eta ibiltze heken guztien finean, athea bere erroetan, eta nagia bere ohean bezala, bere bekhatuen xisteran eta etzauntzan baratzen da.
30 Aztorea eskuan dadukazunean, higitzen da, iharrosten da, hegaldatzera aphoderatzen eta oldartzen da. Ordea oldartze hek egin eta, lehen zegoen eskura bihurtzen da. Hala bihurtzen da bada bekhatore nagia ere, bere gogoeta on guztien buruan, bere leheneko tornuetara eta maiña gaixtoetara. Enseiatzen da, baiña flakoki, hurbiltzen da, baiña ez aski. Halagoakgatik erraiten du Isaias profetak: Venerunt usque ad partum et virtus non est pariendi (Is. 37). Ethorri ziren erditzeko pontura, ordea etziren erdi, etzen hartarakotzat indarrik aski. Hartzen dugu gogo, hartzen dugu borondate, obra onak egin behar ditugula: eta ethortzen gara egin behar ditugun orenera, ordea han ixtitzen eta gibelatzen gara, han anu eta ukho egiten dugu, beharrenean faltatzen dugu. Zeren hartzen dugun gogo eta borondate hura, ezpaita fina, ezpaita zinezkoa eta ez deliberatuki deliberatua; nahikundea baita eta ez nahia. Voluntas nova quae mihi esse coeperat, non erat idonea, ad superandam priorem, vetustate roboratam, dio San Agustinek (August, lib. 8 Confess. cap. 5). Ene borondate berriak etzuen indarrik asko borondate zaharraren garaitzeko. Lo datzanak, erdi iratzartzen denean, egiten du zenzait mugida, iaiki nahi iduri bat, baiña nola ezpaita asko zinez permatzen, berriz lotara bihurtzen da, loa nabusi gelditzen da. Hala dio San Agustinek, gerthatzen zeikala aldia batez, berari ere: Cogitationes quibus meditabar in te, similes erant conatibus expergisci volentium, qui tamen superati soporis altitudine remerguntur (August. ubi supra). Munduko atseginek eta plazerek, lo gozo batek bezala, azpian nendukaten, eta noizik behin ethortzen zeizkidan plazer hetarik ilkitzeko eta Iainkoa baithan phensatzeko desirkunde batzuk. Baiña hek guztiak lotarik iratzarri nahi zuenaren enseiu eta permadura flako batzuk bezala ziren, probetxu gabekoak, loaren garaitzeko, munduko egitekoetarik atheratzeko, indarrik asko etzutenak. Eta halatan neure desirkunde on guztien buruan ere, neure leheneko usantzetan eta bekhatuetan gelditzen nintzen.
31 Vult et non vult piger, dio Salomonek (Prov. 13). Nahi du eta eztu nahi nagiak. Eztu nahi osoa eta ez konplitua. Pigri vocabulo denotatur, quod vult regnare cum Deo, et non laborare pro Deo: delectant proemia cum pollicentur, deterrent certamina cum iubentur (Beda lib. 2 super Prov.). Nahi du nagiak Iainkoaren erresuman parte, ez ordea erresuma haren erdiesteko, iragan behar diren trabailluetan. Pagamenduak alegeratzen du, trabailluak tristetzen du eta izitzen. Ongi egitetik heldu den irabazia, ongirik egin gabe nahi luke gozatu. Nahi du ioan parabisura, ordea nekhatu gabe. Ez atseginik nahi du utzi, eta ez penarik hartu. Herabe du bideari lotzera. Piger, quasi aeger pedibus (Isidor. lib. 2 Ethym.). Maingu da, oiñak ditu eri, gogoa erbal eta flako. Nahikundea badu eta badugu, nahia eta obratzea zaiku falta, hura geroko egotzten dugu. Deus ere obratu gabe, deus ere geure gogoak eta borondateak dioskun gauzarik baizen egin gabe, desira hutsen botherez, borondateaz beraz nahi genduke salbatu eta zeruko lorian sarthu. Eta desira hautan, geroko gogoan eta borondatean, denbora guztia iragaiten zaiku.
32 Erran komuna da infernua desira onez bethea dagoela. Zeren han direnek obratu ezpazuten ere zenbait desira on bedere izan zuten. Ezta nehor ere hain gaixtorik, zenbait aldiz, bere gaixtakerien utzteko gogoa ethortzen etzaikanik, eta zenbait desirkunde on ere izaiten eztuenik. Ordea desirkunde on hek berak eztira asko. Zeren hek lorea bezala dira. Eta nola hartzen eztuen loreaz, itxatxetkitzen eztenaz, botean edo ninikoan galtzen denaz, ezpaita probetxurik, hala borondateaz beraz, desira hutsaz, xoillaz eta bakharraz, obra ahal ditekeiela, obratu gabe gelditzen denaz, ezin dateke probetxurik eta ez fruiturik.
Alferrari erran behar zaika, dagiela, eta nagiari, higi dadilla: eta hala bata, nola bertzea, biak orobatsu baitira, biak dira borondate huts: eztira nahikunderik, desirkunderik, gogorik eta gutiziarik baizen. Eta gutizia hek berak dira penagarririk asko. Desideria occidunt pigrum, erraiten oi da (Prov. 2). Ignavis semper sunt feriae, nagientzat eta alferrentzat egun guztiak dira besta (Adagium). Baiña hobeki erran liteke, halakoentzat, bestak ere astelegun direla. Zeren trabaillariak bere trabailluan baiño, anhitzetan ere alferrak, bere alferkerian trabaillu gehiago edireiten baitu. Ageri da errege David baithan. Errege hari etzeraukaten egundaiño gerlèk, eta gerlètako trabailluek hanbat egiteko eta atsekabe eman, nola alferkeriak, eta alfer zegoela egin zituen bekhatuek. Non sunt otiosi quorum voluptates multum negotium habent, dio Senekak (Senec. de brevitate vitae). Eztaude ez alferrik, plazeretan dabiltzanak. Zeren plazer hetan bada desplazer eta atsekabe, trabaillu eta egiteko. Dum otio vacant in rem negotiosissimam incidunt (Laert. 2). Alfer egoiteaz, erortzen dira egiteko handitan. Sicut enim cum quis non comedit, dentibus nocet; ita qui comedit non accomoda stupescere facit (Chrys. hom. 36 tom. 3). Nola ez iateak galtzen baititu hortz-haginak, hala behar eztenetik iateak ere, hortzkitzeintu.
§ 1
33 Gauza segura da eta egiazko fedeak erakusten duena, salbatzeko, zeruko lorian sartzeko, eztirela desira onak berak asko. Baiña behar direla Iainkoaren manamendu sainduak, desiraz bezala obraz ere konplitu. Haur da egia, eta haur giristino garen guztiok sinhesten dugu. Ordea guztiarekin ere edireiten du gure maliziak eta borondate gaixtoak, zenbait itzurpide, zenbait desenkusa, eta eskapatzeko bide, obratzea utzirik, desiratan denboraren iragaiteko, luzamendutan ibiltzeko. Propter frigus piger arare noluit (Prov. 20). Trabaillatu nahi etzuenak, hotzaren atxakia egin zuen: barutzera herabe zuenak, buruan min zuela erran zuen. Dicit piger, leo est in via (Prov. 19). Nagiak, bere lekhutik higitu nahi eztuenak, trabu handiak edireiteintu, bidean ere lehoiña dagoela erraiten du. Occasiones quaerit qui vult recedere ab amico (Prov. 8). Adiskideaz desegin nahi denak, adiskidetasuna hautsi nahi duenak, okhasinoak bilhaltzeintu, anhitz desenkusa eta estakuru edireiten du: hala edireiten ditugu bada guk ere okhasinoak, desenkusat, estakuruak, atxakiak eta itzurpideak, bekhatutan egoiteko, desirkundetan eta nahikundetan denboraren iragaiteko.
Nehork ontasunera hersten zaituenean, eta gibela zaudenean, ihardesten diozu hala hersten zaituenari. Othoi orai presenteon barkhatu behar derautazu, ezin daidiket oraiño zuk diozuna. Zeren buruan sarthu baitzait fantasia bat, konplitu behar dut fantasia hura; gogora baitzait gutizia bat, iragan behar dut gutizia hura; aphur bat ase behar dut, aspertu behar dut, ixiritu behar dut; eta gero orduan ase, asper, ixiri eta nekha nadinean, bianda higuintzen hasi dakidanean; orduan guztiak utzikoitut, orduan bide on batean iartzera eta finkatzera deliberatuko dut. Baiña bitartean, anarteraiño, ezta zer mintzaturik. Zeren nik orai ahal dukedan guztia da, desira ona, geroko gogoa eta intenzionea, eta ez bertzerik. Ezta bide gaixtoa haur, eta hunela orai egitea, gero fin gaitz egiteko.
§ 2
34 San Agustinek, frogatuak bezala, anhitz gauza erraiten du luzamendutan ibiltzeko pontu hunen gaiñean. Kontatzen du nola bere bizitze gaixtoaren utzteko ingurunera zenean, ibili zen ezin ethenduz, ezin partituz, eta bere baithan ezin deliberatuz. Kontatzen du halaber, zenbat trabu edireiten zuen, zenbat gerla egiten zioten bere lagunek, okhasionek eta aztura gaixtoek. Alde batetik desiratzen zuen bide onean iartzea, hartara bulkhatzen zuten bere ama sainduaren nigarrek, konzientziaren autsikiek, eta Iainkoaren manamenduek. Eta bertzetik trabatzen eta gibelatzen zuten leheneko usantzek, eta guztiz ere emaztèn balakuek, hitz ederrek eta plazerek. Tenaciter colligabar a foemina (Lib. 8 Confess. cap. 1). Emaztèk zedukaten bortitzki lothua. Dixeram da mihi castitatem et continentian, sed noli modo. Timebam enim, ne me cito exaudires eta sanares a morbo concupiscentiae, quam extingui (8 Confess. cap. 7). Emaztètarik apartatzea, hain zeikan gaitz eta gaitzi, ezen bere othoitzak ere, hetzaz geroko, ethorkizuneko egiten baitzituen. Zeren beldur zen, enzun zezan berehala Iainkoak, eta bere plazerak, gozatu nahizko desira handi batekin, bere gogoan zerabiltzanak, gibela ziatzon. Egiteko hunetan zebillanean, erraiten zioen Iainkoari: Modo, ecce modo, sine paululum (8 Confess. cap. 6). Ha, Iauna, utztazu aphur bat, igurikazu bertze aphur bat, ez lehia, ez khexa, ez berantets, sarri naiz zurekin. Hunela erraiten zuen, hunela luzatzen zuen. Eta luzamendu hautan zebillala, denbora handia iragan zeikan. Ordea gero ere hura asko goiz bihurtu zen, etzen azken ponturaiño egotu. Aitzitik, alde batetik eta bertzetik bere kontuak egiñik, erran zioen, deliberamendu handi batekin, bere adiskide bati: Ego iam me abrupi, ab illa nostra spe et ideo servire statui, ex hac hora, in loco hoc aggredior (8 Confess. cap. 6). Nitzaz denaz bezan batean, ni kanpoan naiz munduko egitekoetarik, banalorietarik eta esperantza guztietarik, nik hautsi dut munduarekin, egin dut harekikoaz, eta deliberatu dut Iainkoaren zerbitzatzera. Eta orai bereon, presenteon hasten naiz: ezta ia gehiago, geroko gerorik, luzamendurik, eta ez ephetan ibiltzerik. Eta hala, erran bezala, egin ere zuen. Anhitz luzamendu erabili zuen, baiña azkenean guztiak, eta asko goiz, utzi zituen. Baiña guk eztugu hala egiten, egunetik egunera gabiltza, bethi prometa, bethi gogo har; eta behin ere ez ethen, behin ere ez delibera, eta ez konpli, bethi nahi, bethi nagi, nahikunde hutsetan, desirkundetan, denbora guztia gal, eta hala gaudezilla, heriotzeak atrapa, atzeman eta har.
35 Ikhusiko duzu iende handi batzuen etxètan, Herkules sendo famatu hura pintatua, makilla borra bat, edo maillu handi bat, eskuan duela, baitirudi ezen hartzaz, etxean sartzen diren guztiei buruak hautsi behar derauztela. Ordea nola Herkules hura, harriz, zurez edo kobrez egina baita, edo pintura bat baizen ezpaita, geldi dago, kheinatzea egiten du eta ez bertzerik. Hala dira bada, gerotik gerora dabiltzanak ere, kheinatzen dira, eta eztute aurthikitzen: destatzen dira, eta eztute desarratzen. Erraiten dute: eginen dut; eta eztute behin ere egiten. Hala daudela denbora guztia iragaiten zaie, eta berak ere iragaiten, finatzen eta akhatzen dira.
NOLA EZTUGUN GEROKO SEGURANTZARIK
KAP. IV
36 Badakigu, orain darabillagun bizitzea, bizitze gaixtoa dela, eta gutzaz ongi izaitekotz, bizitze gaixto haur utzi behar dugula. Ordea pontua da, ea noiz utziko dugun. Eta zuk diozu, gero. Baiña nik diot ezen ez gero. Baiña nik diot ezen ez gero, baiña orai. Dakusagun ea zeiñek dioen hobeki, zeiñek duen arrazoiña. Eta erakusteko ezen nik dudala, eta zu zoazilla huts egina eta bide errealetik eta zabaletik aldaratua eta errebelatua: Erradazu behin, egiteko hunetan sarthu baiño lehen. Zuk baitiozu ezen, gero onduko zarela, gero behar diren deskarguak eta eginbideak eginen ditutzula. Non duzu gero horren segurantza? Eztakizu, erran komuna den bezala, eztela heriotzea bezain gauza segurik, eta orena noiz izanen den bezain guti gerthurik?
Gure bizitze hunek hain du zimendu flakoa eta eria, ezen ongi minzatzera, ezin baiterrakegu: bihar eginen dugu hunelako edo halako gauza. Baiña erran behar dugu, Iondone Iakuek dioen bezala: Si Dominus voluerit et si vixerimus, faciemus hoc aut illud (Jacob. in sua epist. cap. 4). Baldin Iainkoak nahi badu, baldin bizi bagara, eginen dugu haur edo hura. Hargatilk erraiten du San Mateo ebanjelistak: Vigilate itaque, quia nescitis diem neque horam (Mt. 25). Zaudete prestik eta iratzarririk, zeren eztakizue eguna eta ez orena; eta badio Spiritu Sainduak ere, anhitz galdu dela, bere buruari ethorkizunaz sobera prometatuz. Repromissio nequissima multos perdidit. (Eccli 29).
Gure lehenbiziko aitaren bekhatua dela kausa, harengatik, haren kariaz, guztiok gaude preso, guztiok gaude mundu hunetako garzele hunetan, heriotzera kondenatuak.
37 Baiña iragaitzaz bezala, gure heriotzera kondenaturik egoiteko pontu haur ukhi dezadan. Badirudi ezen gure lehenbiziko aitaren bekhatuagatik, ez hark berak, eta ez guk ere, ezkendukeiela hil behar. Zeren sagar bat edo halako bertze fruitu bat ian zuen. Bada sagar baten iateagatik, gizon baten, are bere ondoko guztiekin, heriotzera kondenatzea, badirudi iustizia berriarena, soberania eta arrazoiñaren kontra dela. Egia da, hala dirudi. Ordea ezta hala, iduria du, eta ez izana. Aitzitik sagar baten iateagatik, zeren hain gauza ttipian eta erraxean manua hautsi zuen, aldez hargatik zuen gaztigu gehiago merezi. Batzuek bere lazotasunez, zeren ezpaitira giristino finak, barur eguna, mengoa gabe hautsten dute: batarekin eta bertzearekin solhasean daudezilla, meza enzun gabe, besta egunean utzten dute: hitz guztiaz, ez eta bai asko den lekhuan, arnegu eta iuramentu egiten dute, eta gero erraiten dute: baldinba, ez ahal naiz hunengatik, hunein gauza aphurragatik, eta hunein erraxki egin dudanagatik ifernurako? Bada erran nahi deratzut ezen zeren horrein gauza erraxean, aphurrean eta ttipian zeure laxotasuna eta Iainkoaren manuaz kontu guti egitea erakutsi duzun, aldez are horigatik ifernurako zarela.
Baldin Iainkoak manatu bazinitu, egun guztiak barur zindezilla, zur baten edo harri baten gaiñean, ohetan sarthu gabe etzin zindezilla; zilizio bat, zerdazko gerriko bat, larru arras bethi ere erabil zenezala; edo finean, hunelako bertze manamendu gaitz bat eman baleratzu, badirudi etzatekeiela miretsteko, ez konplitzea, eta ez konplituagatik ere izan zendukeiela zerbait desenkusa eta estakuru. Baiña gauza ttipian eta erraxean, sagar baten debekuan, zer desenkusa, zer estakuru ahal dukezu?
38 Adanek anhitz fabore eta abantail errezibitu zuen Iainkoaganik, eta gero heken guztien buruan, zuhaitz bat seiñalatu baitzioen, bertze guztietarik bai, baiña haren fruitutik etzezala ian. Manamendu erraza, debeku ttipia ibeni zeraukan; eta guztiarekin ere, etzuen begiratu, etzuen konplitu, hautsi zuen, ian zuen, arrazoiñez beraz, erraztasun huragatik beragatik ere, kondenatu zuen bere ondoko guztiekin heriotzera: zeren ondokoek ere, haren naturaleza hartu baitzuten. Gauza, debekua, ttipia da, baiña desobedienzia handia. Eta hala iustuki dago, gure kontra sentenzia emana, iustuki gaude heriotzera kondenatuak, eta eztakigu noizko. Beraz baldin geure buruoz kontu onik eman nahi badugu, kondenaturik dagoen batek bezala, behar dugu egon, bizi eta gobernatu.
Garzelean dagoenak, iakiten duenean kondenatu dela biziaren galtzera, nork erranen du nola tristetzen den? Zein gogoetatsu iartzen den? Hasten da hats beherapen egiten, alde batera eta bertzera itzultzen. Eta ikhusirik eztuela erremediorik, eztuela eskapatzerik, hartzeintu lehenez bertze gogoeta molde batzuk. Munduaz eta mundukoez etsitzen du, eztu hetzaz konturik egiten. Bere konzienziak, bere arimak derauka egiteko. Bere bekhatuak pensatzeintu, ahalik eta hobekiena kofesatzeintu, batari eta bertzeari barkhamendu eskatzen zaie. Finean, ahal bezanbat bere konzienzia deskargaturik, eta garbiturik, heriotzeari igurikitzen dio.
Bada garzelean kondenaturik dagoen hark bezala, hala prestaturik, hark dituen gogoetekin, behar dugu guk ere egon, bizi eta ibili, hura biharamuneko bezala, gu ere, ez iakin noizko, benturaz gaurko, Iainkoaz beraz, Iainkoak sentenzia emanik kondenatuak gaudenaz geroztik.
Sar balitza iustiziak hamar gizon garzelean barrena urkhabera kondenaturik, eta handik athera balitza galtzera egun bat, eta bihar edo bertze egun batez bertze bat, edo bia. Othe lizateke nehor ere, heken artean, bizitze luzearen esperantza luenik? Edo zeren eztuten lehena atheratzen, azkena izanen dela segur lizenik? Eztut uste. Bada mundu haur ezta bertze gauzarik, gure heriotzera kondenaturik gaudenon garzele bat baizen. Eta garzele hunetarik atheratzen gaitu Iainkoaren iustiziak, egun bat, bihar bertze bat, bata lehen, bertzea gero, eztaki nehork noiz, ezta segurantzarik. Beraz gauden erne, gauden prestik, segurantzarik eztenaz geroztik.
§ 1
39 Komunzki ahotan dabillan solhasa da: eztugu geroko segurantzarik, bethi gara periletan. Eta hala da egia. Zeren gutien uste dugunean, geure gogarenik gaudenean eta aitzinerat ere anhitz gauzaren egiteko gogo hartzen dugunean, atrapatzen baikaitu heriotzeak.
Nescit homo finem suum, sed sicut pisces capiuntur hamo, et aves laqueo comprehenduntur, sic capiuntur homines tempore malo (Eccl. 9). Eztaki gizonak bere finaren berririk, baiña nola amuak atzemaiten baititu arrainak eta hegaztinak segadak, hala gizonak ere atzemaiteintu bere heriotzeak. Arraiña alha denean, bazkari datxekanean, eta bere ustez hobekienik dagoenean atrapatzen du arrantzaleak, eta bai hegaztina ere ihiztariak. Hala atrapatzen du bada bekhatorea ere heriotzeak bere bekhatuei bere gogarenik datxetenean, gozokienik alha zaienean, eta gutien uste duenean.
Midikuen errana da, presuna batek, sendoen denean, duela eritzeko perilik gehiena. Eta hala noiz eta uste baituzu, heriotzea zureganik dagoela urrunenik, orduan ohi dago komunzki hurbilenik. Zorrak pagatu dituzunean, etxe berria egin duzunean, umeak ezkondu dituzunean. Finean, zeure egitekoei garaiturik, bake on batean iartzera, eta zerbait sosegu eta plazer zeure buruari emaitera prestatzen zarenean, han da berehala heriotzea.
40 Ezkara deus ere, beirakiaren pare gara eta are beirakia baiño perilos eta hautskorrago. Eztugu beirakiak bezanbat indar eta sophortu ere. Quid fragilius vase vitreo? Et tamen servatur et durat per saecula. Etsi casus vitreo vasi timentur, senectus ei et febris non timetur, dio San Agustinek (August, serm. 1 de verbis Dom. tom. 10). Zer da beirazko untzia baiño gauza samurragorrik eta hautskorragorik? Eta alabaiña ailtxatzen eta begiratzen denean, irauten du mendez mende. Zeren erortzearen peril badu ere, ez ordea eztu sukharraren edo zahartzearen perilik. Beraz beirakia baiño perilosago gara eta ezteusago. Zeren behaztoparik, eroririk, edo eritasunik ez gerthatuagatik ere, eta geure buruak ahalik eta hobekiena errekaitatu eta begiratuagatik ere, adinak berak eramaiten baikaitu.
Bethi goazi, ezkara behin ere baratzen. Quasi aqua dilabimur (2 Reg. 1). Uraren pare gara: ura bezala linburtzen gara. Corpora nostra rapiuntur, fluminum more (Senec. epist. 58). Gure gorputzak ur-lasterra bezala dohazi. In idem flumen bis non descendimus: manet idem fluminis nomen, aqua transmissa est (Senec. ibid.). Ezkara behin ere ur batetan biatan sartzen (dio Senekak), uraren izena bethi da bat, ez ordea ura. Zeren nola bethi baitoha, eta bethi aldatuaz, ezta behin ere lehena. Ez eta bada gu ere, nola bethiere baikoazi, eta bethi aldatuaz, eta muthatuaz, ezkara behin ere lehenak. Eta ezpere beha ezazu nola presuna bat gaztetik zahartzera, eta are batzutan urthetik urthera ere, aldatzen eta ezeztatzen den idurian ere, lehena eztirudiela iartzen den, zein diferent egiten den.
Vita nostra naviganti similis est, namque qui navigat, stat, iacet, vadit, quia impulsu navis ducitur (Greg. epist. 26 tom. 2). Gure bizitzea itsasoz dohana bezala da (dio San Gregoriok), itsasoz dohana iatean, edatean, lo datzanean, eta are iarririk dagoenean ere, badoha, ezta orduan ere baratzen. Zeren untziak, nahi ezpadu ere, berekin baitarama. Hala garamatza bada gu ere geure adinak eta denborak berekin: ezta pausatzerik, ezta gelditzerik, eta ez trikatzerik.
41 Galdegiten deratzutenean, zenbat urthe ditutzun, eta ihardesten duzunean, hogoi edo hogoi eta hamar ditutzula, zeren zeure kontuan hala baititutzu, badirudi eztuzula ongi ihardesten. Zeren San Agustinek dioen bezala, anni nostri veniunt, ut eant, non enim veniunt ut stent nobiscum (August in psalm. 65). Gure urtheak ethortzen dira ioaiteko, eta ez gurekin egoiteko; iragan dira, beraz ezin derrakegu baitugula. Eta hala, baldin urthe heken buruan, iar bagaitezi hetzaz zer egin diren gogoetan, eztugu deus edirenen. Aitzitik ikhusiko dugu, sentitu gabe, ioan zaizkigula, eta nola eztakigula zahartu garela. Tempora labuntur, tacitisque senescimus annis (Ovid. lib. 6 Fasto). Denborak badohazi, eta urthe batzuez, hotsik eta habarrotsik egin gabe zahartzen gara.
Erraiten da, hunelako bizi izatu zen hihur-hogoi urthez, baiña hobeki erran liteke, hil zela hirur hogoi urthez. (Vide August, in psal. 127, tom. 8). Zeren sortzen garenean, hasten gara hiltzen, orduan abiatzen gara, eta ezkara behin ere baratzen. Lehenik hiltzen da haurtasuna; haurtasunaren ondoan hiltzen da morrointasuna; morrointasunaren ondoan hiltzen da gaztetasuna; gaztetasunaren ondoan hiltzen da zahartasuna; zahartasunaren ondoan hiltzen da sentontasuna. Adin guztiak elkharri derraitza: iragaitea eta hiltzea guztia da bat, bata bertzearen ondoan dohazi, halako moldez, ezen azken adina dathorreneko, akhabatu baitirate leheneko guztiak. Zeren San Gregoriok dioen bezala, ipse enim quotidianus deffectus, quid aliud est, quam quaedam prolixitas mortis? (Greg. tom. 27 super Evang.). Egunetik egunera ahitze eta flakatze hura, zer da, luzaro hiltze bat baizen? Zuzia iratxekirik dagoenean, bizi da, eta orduan hiltzen da, zeren orduan ahitzen baita. Erratzeaz bizitzen da, eta erratzeaz hiltzen da. Hala bada gu ere, bizitzeaz hiltzen gara, eta hiltzeaz bizitzen. Zeren bizitzen garenean hiltzen baikara. Eta zenbatenaz eta gehiago bizitzen baikara, hanbatenaz heriotzeko portura hurbiltzenago gara. Hala erraiten du Senekak: Quotidie morimur, quotidie enim demitur aliqua pars vitae (Senec. epist. 24). Egunoro hiltzen gara, zeren egun oro gure bizitzeari zenbait poxin eta parte gutitzen eta edekitzen baitzaika. Eta are hazten eta handitzen garenean ere, gure bizia ttipitzen eta laburtzen da. Bethi doa, eta behin ioanez gero, ezta ioan denaren bihurtzerik, eta ez ethorkizunaren segurantzarik.
§ 2
42 Erraiten ohi dugu. Benturaz egun hillen gara, benturaz bihar, eztugu oren baten segurantzarik: beraz lehen baiño lehen, behar dugu bide onean iarri, enganatuak gertha ezkaitezin. Hunela erraiten dugu, eta erraitea ongi egiten dugu: ordea obratzea bethi ere geroko utzten dugu: heriotzea zahartzerakotzat egotzten eta ordenatzen dugu. Ezin sinhets dezakegu, adinak berak akhaba arteiño, akhabatuko garela. Erran bai nahi duzun bezanbat: benturaz bihar hillen, benturaz gaur, benturaz ez zahartuko. Ordea zahartuko baikiña bezala geure gauza guztiak egin. Geure nahiarekin batean, geure gogoak hanbat segurantza emaiten deraku, non zahartu hutsezko ponturaiño, ezkarela hillen iduritzen baitzaiku.
Erran zerauenean deabruak gure lehenbiziko aita amei: Nequaquam moriemini (Gen. 3): Etzarete hillen; sinhetsi zuten berehala eta sinhetsi ere kolpe batez, osoki, dudatu gabe. Eta denbora hartan etzen hain miresteko, hala sinhestea. Zeren nola baitziren munduko lehenbizikoak, etziakiten oraiño heriotzearen berririk, etzuten nehor hiltzen zela ikhusi, eta halatan erraxki enganatu zituen. Hala bada nahi ginituzke gu ere enganatu, molde berean nahi leraukegu guri ere, ezkarela hillen, sinhets arazi. Ordea nola guk orai bertzeren baithan ikhusiz, eta geure baithan ere zaharzeaz eta flakatzeaz frogatuz, baitakigu segurki eta gerthuki, hil behar dugula, eztugula itzurtzerik, eta ez nehoizko segurantzarik, ezin engana gaitzake gu, gure lehenbiziko aita-ama hek bezain erraxki. Gurekikotzat, guri ezkarela hillen sinhets arazitzeko, edo sinhesten baikendu bezala, eragiteko, bertze bide bat hartzen du, bertze ioko thaillu bat iokatzen du, bertze maiñaz eta trazaz usatzen du. Ez osoki, ez kolpe batez, baiña aphur bana eta egunetik egunera luzatuz atrapatzen gaitu. Sinhets arazitzen deraku, ezkarela egun hillen, ezkarela bihar hillen, eta bihar bezain ephe luzerik ez, eta bihar arteiño bizitzeko esperantza eztuenik: eta halatan eta handik, nola ezpaitugu uste egun hillen garela eta ez bihar ere, bizitzen gara, segur baikina bezala, edo sekulan hillen ezkarela baikiniaki bezala.
§ 3
43 Eztakigu noiz hillen garen, eztakigu noiz izanen den gure azken eguna: ezta beraz arrazoin, iakin dezagun, noiz izanen ezten ere. Ordea badirudi ezen, noiz izanen den ezpadakigu ere, badakigula noiz izanen ezten. Zeren erraiten dugu ezen gero, bertze urthean onduko garela; orduan hunelako eta halako deskargu eginen ditugula, beraz badakigu eztela anarteraiño izanen, bitartean igurikiko zaikula, edo behintzat erraiten eta egiten bedere badugu, baikiniaki bezala.
Guk nahi genduke egin geure bizitzeaz, eta bizitzeko denboraz, oihal puska batez egiten duguna. Oihalaren parte bat, neurtzen eta ordenatzen dugu kapatako, bertze bat iakatako, eta gaiñerakoa behar diren bertze soiñekoen egiteko. Hala bada, oihalaren bezala, geure bizitzearen ere iaun, aibe eta nabusi baikina bezala, ordenatzen dugu bizitzearen parte bat, eta parterik hoberena eta gaiena, gaztetasuna, munduarentzat, eta gero gaiñerakoa, gaixtoena, zahartasuna, Iainkoarentzat. Quod in manu fortunae positum est, disponis, quod in tua dimittis, dio Senekak (Seneca de brevitate vitae cap. 9). Ethorkizuneko gauzak, fortunaren eskuan eta benturan daudezinak, nahi ditutzu oraidanik gobernatu, trazatu eta destatu: eta presentekoak, zeure eskuan dituzunak, utzten ditutzu galtzera: duzunaz eztuzu konturik egiten, eta eztuzunaz egin gogo duzu mirakuillu. Orai Iainkoak emaiten derauzkitzun bizitzea, osasuna, indarra, antzea eta onhasunak nahi ditutzu Iainkoaren beraren kontra zabiltzala higatu eta galdu, eta gero, oraiño eman ezterauzkitzunak eta benturaz emanen ere ezterauzkitzunak, diozu ezen, haren zerbitzuan enplegatuko ditutzula. Ikhusazu zeure itsutasuna, desgobernua, eta galtzeko bidea.
44 Ninivitek penitenzia egiteko berrogoi egunen ephea, espatioa eta segurantza zutelarik, hartara behatu gabe eta azken egunaren begira egon gabe, berehala, lehenbiziko egunean, hasi ziren penitenzia egiten eta bere faltèn erremediatzen; eta handik eta halatan salbatu ziren. Zergatik bada guk ere, eztugu hala eginen? Zergatik utzi behar dugu, geroko, ez berrogoi egunen baiña baten ere, segurantzarik eztugunaz geroztik?
Noeren denboran, iaten, edaten, iokatzen, danzatzen, ezkontzen, sal-erosi egiten, eta ethorkizunerat anhitz gauzaren ordenatzen, pensatzen, eta trazatzen hari zirela, hartu eta hondatu zituen urak. Hala da bada peril, gertha dakigun guri ere, gerotik gerora gabiltzanoi. Zeren hek zein guti zuten, are guk baitugu hek baiño segurantza gutiago; eta aitzinerat hobeki behatzen ezpadugu, galtzeko eta fin gaitz egiteko, iduri, arau eta molde gehiago.
NOLA GEROKO BENTURAREN BENTURAN BENTURATURIK GALTZEN GAREN
KAP. V
45 Nola gure Iaungoikoa baita hain on, bihotz bera, miserikordios, pazienziatsu eta ethorkor, erraiten duzu: anhitzi iguriki dio eta igurikitzen dio zahartu hutsezko ponturaiño, naturalezak berak, bere ahala egin arteiño, beraz eztut oraiño zer lehiaturik, zeren benturaz, hala eginen du enekin ere. Benturaz diozu. Eta eztakizu, benturak, benturaren iokoak, eta tornuak dituela?
Hirur bentura molde, hirur bentura suerte edireiten ditut pontu hunen gaiñean. Lehenbizikoa da, bekhatu egitetik eta anhitz periletarik begiratzen eta gibelatzen gaituena. Handik erraiten dugu: eztut bekhaturik egin nahi, zeren benturaz hetan nengoela, neure azken egunak atrapa nintzake. Eztut ebatsi nahi, zeren benturaz iustiziak atzeman nintzake, urkha edo azota. Eztut iokatu nahi, zeren iokoa ezta errenta, benturaz gal nezake. Eztut eskuetan dudanaz gabetu nahi, zeren benturaz gero, nahi dudanean ez nuke. Hala erran zerauezan birjina zuhurrek, birjina ergel, olio eske ethorri zeiztenei. Ne forte non sufficiat et nobis (M. 25). Ezteratzuegu eman nahi, zeren benturaz gero, ezkenduke geuretzat aski. Hala Datan eta Abiron bere Iagun batzuekin lurrak iretsi zituenean ere, egin zuten inguru hartan zirenek handik ihes, erraiten zutela: Ne forte et nos deglutiat (Num. 16). Goazin hemendik, zeren baldin hemen bageneunde, benturaz bertze hauk bezala, irets ginitzake gu ere lurrak. Haur da bentura ona, ethorkizuneko bentura gaixtotik eta periletik begiratzen gaituena.
46 Bigarrena da, halaber, bentura ona, bekhatu egin ondokoa, eginen erremediatu nahiz dabillanarena. Ikhusirik galduak goazilla, Iainkoaren manamenduak hautsi ditugula, erraiten dugu: eginak egin, ez gehiago. Aitzinerat hobeki nahi dut gobernatu: Iainkoari zin ziñez, bihotzezko urrikimendu batekin nahi natzaika barkhamendu eskatu. Zeren benturaz halatan barkhatuko deraut, halatan izanen du nitzaz miserikordia. Minzatze molde hunez usatu zuen Daniel profetak ere, erran zioenean Nabukodonosor erregeari: «Errege, aparta zaite zeure leheneko bide gaixtoetarik, eta egizu erremusina, zaren beharren alderakotzat bihotz bera eta miserikordios». Et forsitan Deus ignoscet delictis tuis (Dan. 4). Eta benturaz halatan Iainkoak barkhatuko derauzkitzu zeure bekhatuak. Hala Ninive hiri handi hartako erregeak ere, enzun zuenean haserre zela haren eta harenen kontra Iainkoa, manatu zuen hiri guztia iar zedilla debozinotan eta penitenziatan, guztiak barur zitezilla, eta are abre mutuei ere, etzekiela eman iatera eta ez edatera, erraiten zuela: Quis scit si convertatur et ignoscat Deus, et revertatur a furore irae suae et non peribimus? (Ionae 3). Nork daki, mehatxatu bagaitu ere geure Iainkoak, eta erran badu ere haserre dela gure kontra, ea gure urrikimendua eta penitentzia ikhusirik, itzuliko denz bertze aldera, ematuko zaikanz bere kolera, eta utziko gaituenz gaztigatu gabe? Erran baillu bezala: arrazoinekin da, gure Iainkoa, gure kontra haserre, arrazoiñekin mehatxatzen gaitu, eta erraiten deraku gaztigatu nahi gaituela. Baiña guztiarekin ere debozinotan iar gaitezin, lehen gaixtatasunean bezala, orai ontasunean enplega gaitezin, eta benturaz halatan bihotza hautsiko zaika, urrikalduko gatzaitza, eta barkhatuko deraku. Hala erran zioen untzi-maestruak ere, tormentatua zebillanean, Ionas profetari: Quid tu sopore deprimeris? Surge et invoca Deum tuum si forte recogitet de nobis et non pereamus (Ionae 2). Zer hariaz, gizona? Zerk aratza lo? Eztakusak ithotzera goazilla? Haik hortik, iar adi orazinotan, egiok heure Iainkoari othoitz, eta benturaz halatan eskapatuko gaituk.
Hala Patriarka Iakobek ere, bere anaiarekin gaizki zenean, igorri zerautzan bere anaia hari aitzinetik presentak, erraiten zuela: Forsitan propitiabitur mihi (Gen. 32). Benturaz hunelatan present haukin batean barkhatuko deraut, benturaz hunelatan adiskidetuko gara. Haur da bigarren bentura ona, ontasunean enplegatzen dena, falta eginak erremediatu nahi dituenarena.
47 Baiña bada bertze bat, hirurgarren bat, bentura gaixtoa, luzamenduak bilhatzen dituena, gibelamendutan dabillana, eta perilik baizen ezten lekhuan ere, segurantzak ediren nahi dituena. Erraiten zaitzu zahartzen hasi zarela, bi illetan iarri zarela, begiak lanbotzen hasi zaizkitzula, bidearen bi herenak iragan ditutzula, eta baldin horrela zaudela, zeure azken egunak edireiten bazaitu, ez benturaz baiña seguraz kondenatuko zarela. Ordea zuk eztuzu hunelakorik sinhetsi nahi, eta ez enzun ere. Aitzitik zeure nahiarekin batean benturaz eztela halakorik izanen iduritzen zaitzu. Eta erran behar bidean: benturaz hala izanen da, benturaz kondenatuko naiz, erraiten duzu: benturaz ez naiz kondenatuko, benturaz ezta halakorik izanen.
§ 1
48 Lehenbiziko gezurra, lehenbiziko emazteak erran zuen. Galdegin zeraukanean deabruak Ebari, ea zergatik etzuen iaten Parabisuaren erdian zegoen zuhaitz eder haren fruitu eder hartarik? Ihardetsi zuen: Ne forte moriamur (Gen.3). Eztut iaten, zeren erran baiteraut Iainkoak, baldin iaten badut, benturaz hillen naizela. Eta alabaiña Iainkoak etzioen halakorik erran; etzioen benturarik aiphatu. Garbiki eta segurki erran zioen, iaten zuen egun berean hillen zela; erran nahi du, mortal eginen zela, hilkizun izanen zela. In quocumque enim die comederis ex eo morte morieris (Gen. 2). Benturaz hura Ebak berak berretu eta iratxeki zeraukan, eta berretura eta iratxetura hartzaz, bere burua eta guztiok ere galdu ginituen.
Emazte ezkondu batek, bere senharraz bertzerekin, eta ezkondu gabeak ere, behar eztenarekin, bekhatu egitera deliberatzen dutenean, ezkondua orhoitzen da bere senharraz, eta bai ezkondu gabea ere, izorratzeaz, eta ethor ahal dakidikaion desohoreaz, eta kalteaz. Ordea hargatik benturatzen dira bata eta bertzea ere erraiten dutela: benturaz senharrak eztu jakinen, benturaz ez naiz izorratuko. Ohoiñari ere ebastera dohanean, gogoratzen zaika, eskuak iratxeki badiatzote, gutienean bereak emanen derautzatela, azotea izanen duela. Baiña hark ere fite konsolatzen du bere burua erraiten duela: benturaz ez naute atrapatuko, benturaz ez naute sentituko. Hala bada guk ere, gerotik gerora gabiltzanok, konsolatzeintugu geure buruok, eta erraiten dugu: benturaz huneraiño iguriki derautanak, igurikiko deraut orai ere. Benturaz orai ezpadut ere, izanen dut aitzinerat, ongi egiteko gogo. Eztira oraiño denbora guztiak iragan.
49 Bada hemen bentura franko, eta ez esperantza eskasik. Zer da haur? Non da zentzua? Non da akhordua? Zer egin da adimendua? Zeure salbamendua, hanbat dihoatzun gauza, sekulakotzat ongi edo gaizki izaitea, iben dezazula benturan? Eztuzu pensatzen bentura horrek, benturaz, bentura gaixtoa emanen deratzula? Eta nork bere duen guztiaren benturatzea, erhokeria handia dela?
Benturaz unen gaiñean erraiten du San Krisostomok: Sed multis, inquis, Deus dedit privilegium, ut in ultima senecta confiterentur. Quid, igitur? Numquid et tibi dabit? Fortasse dabit, inquis. Cur dicis fortasse? Contingit aliquoties. Cogita quod de anima tua deliberas; proinde etiam de contrario cogita; et dic: quid, autem, si non det? Quid, autem, si det? inquis. Dat quidem ipse, verum hoc illo certius et utilius (Chrys. Hom. 22 tom. 4). Erraiten duzu eta erranen duzu: Iainkoak anhitzi emaiten deraue pribilejio haur, gaztean gaixto izanagatik, igurikitzen baiteraue, zahar ditezkeien arteiño, eta orduan behar den bidean, penitenzia eginik, salbatzen baitira. Zer bada zuri halako pribilejiorik, edo garaziarik emanen othe deratzu? Erranen duzu: benturaz bai. Zergatik diozu: benturaz bai? Zeren batzutan gerthatzen baita. Egizu gogoeta, zeure arimaz dihoatzula, eta pensa ezazu, kontrara ere gertha ditekeiela, Eta errazu: zer izanen da igurikitzen ezpaderaut? Erranen duzu oraiño: eta zer izanen da igurikitzen baderaut? Iguriki ahal diazaizu. Ordea hobeago, eta segurago da igurikiko ezpaileratzu bezala, bizitzea eta gobernatzea. Hunen arauaz erraiten du San Agustinek ere. Si enim fortasse Deus non perdet nec malos, sine dubio no perdet bonos. Cur ergo non eligimus, ubi dubitatio nulla est? (August. in Psal. 77). Baldin Iainkoak benturaz galduko ezpaditu gaixtoak, segur da eta duda gabe da, eztituela galduko onak. Zergatik bada eztugu bat ere dudarik eztuena hautatuko? Zergatik ezkara benturak utzirik segurean iokatuko? Nola erraiten baitugu: benturaz igurikiko derakula Iainkoak, derragun (gertha ditekeien gauza baita), benturaz ezterakula igurikiko; eta goberna gaitezin, igurikiko ezpaileraku bezala, eta halatan ez benturan, baiña segurean izanen gara.
§ 2
50 Segur bezala dadukat, ifernura ioaiten diren gehienak, gero baten benturan iarririk, hartan fidaturik eta hartan enganaturik ioaiten direla. Behintzat hala ioan zen Ebanjelioko aberats hura. Zeren nola San Lukas ebanjelistak erraiten duen bezala, aberats hari urthe ona gerthatu baitzeikan, eta bildu baitzuen anhitz, iarri zen bere buruarekin gogoetan, erraiten zuela: Quid faciam quia non habeo quo congregem fructus meos? (Lc. 12). Zer eginen dut? Norako dut hunenbat ogi, arno, bihi, fruitu eta onhasun? Eztut edukitzeko lekhurik ere. Baiña badakit zer eginen dudan, erraiten dio berriz bere buruari. Leheneko bihitegiak, ardandegiak, sotoak, salak eta ganbarak handitukoitut, edukitzeko lekhua franko eginen dut. Eta gero sosegatuko naiz, ardura guztiak utzirik, pausatuki, hatsaren gaiñean iarriko naiz, erraiten dudala neure baithan: Orai atsegin har dezadan, ian dezadan, edan dezadan, zeren berdin eztut deusen eskasik, eztut gerokoren perilik, badut ethorkizunekotzat behar den konplimendu guztia. Bada kontu hautan, kontuak ongi egin gabe, zebillala, aditu zuen zerutik mintzoa: Stulte, hac nocte repetent animam tuam a te, quae autem parasti cuius erunt? (Lc. 12). Ha erhoa, zentzu gabea, zer mintzo aiz? zer gogoeta darabillak? Egin dik hireak, gaur eskatuko zaizkik heure arimaren, gaur gorputzetik atherarik eramanen deraue. Eta gero orduan, bildurik dadutzan on horiek norentzat izanen dira? Erhoa deitzen du aberats hura, eta arrazoiñekin. Zeren zer da erhokeria handiagorik, geroko denboraz, bertzeren eskuan eta benturaz dagoenaz, bere eskuan eta segurean baillu bezala ordenatzea baiño?
51 Gaitezin beraz bertzeren gaiñean zentza; dezagun bertzeren peiletik athera segurantza, hartzen dugula, Espiritu Sainduak emaiten derakun konseillua: Non tardes converti ad Dominum, et ne differas de die in diem, subito enim veniet ira illius, et in tempore vindictae disperdet te (Eccli. 5). Konberti zaitezi, bekhatutarik iltki zaitezi; eta eztezazula berant, eztezazula egunetik egunera luzat. Zeren gutien uste duzunean, ahantzienik zaudenean, neurria betheko da, Iainkoa haserretuko da: eta gero mendekuzko egunean, heriotzeko denboran, galduko eta deseginen zaitu. Badirudi haur eman nahi zuela aditzera Spiritu Sainduak berak, erran zuenean: Ne dicas amico tuo vade et revertere, et cras dabo tibi, cum statim possis dare (Prov. 3). Ezterrozula zeure adikideari, dohala eta dathorrela, bihar emanen diozuna: baldin baduzu emaitekorik, emozu berehala. Erran nahi du: Eginen duzun ongia eta ontasuna dagizula fite, geroko benturan utzi gabe, luzamendutan, eta ioan ethorritan ibili gabe.
Egun batez galdegin zeraukaten Alexandro handiari, ea nolatan erdietsi eta irabazi zuen hanbat biktoria? Hanbat on eta onhasun? Hanbat hiri eta erresuma? Eta ihardetsi zuen laburzki: Nihil procrastinans. Ez deus luzatuz, ez deuz biharamuneko utziz. Etzuela egundaiño egunean egin ahal zezan gauzarik biharamuneko utzi; etzela egundaiño gerokoan fidatu, eta halatan hain irabazi handiak egin zituela.
Ezkaitezilla beraz gu ere gerokoan fida. Zeren geroko hartan, bentura bat ahal badateke ere, ez ordea segurantzarik; eta erhokeria handia da segur behar duen gauzaren, benturan ibentzea: biharamuneko esperantzan eta perilean utztea.
NOLA DEN GEROAGO GAITZAGO,
BEKHATUTIK ILKITZEA
KAP. VI
52 Anhitzetan ere Eskritura Sainduan, konparatzen da bekhatorea, ardi errebelatuarekin. Eta arrazoiñekin. Zeren anhitz gauzatan baitirudite elkhar. Ardia bere lagunei azkentzen zaienean, halako moldez bide onetik eta bere ardi lagunen alhapidetik aldaratzen, eta hastantzen da, non geroago, urruntzenago, galtzenago eta errebelatzenago baita. Diru bat edo erhaztun bat galtzen duzunean, han berean galdu zenduen lekhuan gelditzen da, eta bai edireiten ere, ezta bera handik higitzen. Baiña ardia orenetik orenera, lekhuz aldatzen da, oihanean barrenago sartzen da, bethi eta galtzenago eta errebelatzenago da. Hala bada bekhatorea ere, gero eta gero galtzenago, errebelatzenago eta bere aztura gaixtoetan barrena sartzenago da. Hargatik erran zuen errege Davitek: Erravi sicut ovis quae periit (Ps. 118). Errebelatu nintzen eta galdu, ardia bezala. Zeren bekhatu bat egin zuenean, berehala, bertze batetan, behaztopatu eta erori baitzen.
Ardia errebelatu berrian da erraxenik edireiteko eta inkontratzeko, eta bai kandela ere, iraungi berrian, oraino hotztu gabea denean, berriz lotzeko eta iratxekitzeko: hala da bada bekhatorea ere bekhatu egin berrian, gaienik eta prestenik bekhatutik ilkitzeko.
53 Sagarroia, bere egitez ere nekez erditzen da, baina are, bere faltaz nekezago. Zeren nola larruan baita latz, eta gaztaina karloa bezala, puntaz eta arantzez bethea, eta umeak ere bera bezala latzak, eta arantzetsuak baititu; ume hek erdi behar duenean bere arantzeez, eta karloez min egiten diote, eta halatan minari errendaturik, erditzeko meneratzen denean, barrenat sartzeintu eta han ahal bezanbat edukitzeintu. Eta nola hala dadutzan bitartean ere, handitzen eta gogortzen baitira ume hek; eta alabaiña erdi behar, edo hil: handik azkenean, harri baten kontra permaturik lehen eginen zen baino nekezago, eta penazago erditzen da. Bada haur beror obra onen egiteko, luzamendutan dabillan bekhatorea baithan ere gerthatzen da. Zeren nola konbertitzea eta obra onen egitea erditze bat bezala baita, halatan, zenbatenaz eta gehiago baitago, hanbatenaz obra on hetzaz, nekezago erditzen da. Beraz hunelatan, lehen baiño lehen izanen da hoberenik, eta erraxenik obra onen egitea, eta bekhatuetarik ilkitzea.
Zeure lurrean, zure baimendua eta lizenzia gabe, etxe bat hasten deratzutenean, zeren baldin obraren akhabatzera utz bazinitza peril bailluke, akhometa liazazuten zuzen dutela lur haren gaiñean, hartarakotzat, aitzindurik bezala, ordenatzen du legeak, egotz ahal dezakezula obra berria (ff. de novi operis nuntia. L. Praetor). Hala egin behar da bada bekhatuetan, eta bekhatuzko obretan ere, berri direino egotzi behar dira, zeren bertzela nahiko du deabruak akhometatu eta alegatu, obra zahartu dela, eta hartan zuzen duela.
§ 1
54 Errazago bada ere on bahituaren atheratzea, eta koberatzea, salduaren baino, edireiten da guztiarekin ere bere onak bahitzen bezala, saltzen ere dituenik. Eta haur beror gerthatzen da arimako gauzetan ere. Beldur direla, bere konzientziak alha zaiztela, bekhatu bat edo bia baizen eztutela eginen erraiten dutela, eta heken ere utzteko gogorekin dabiltzala, bekhatuak egiten dituztenek, bahitzen dituzte bere arimak. Baiña beldurtasunik gabe, Iainkoz, konzientziaz, eta munduaren erraiteaz ere konturik egin gabe, antsikabeki dabiltzanek saltzen dituzte. Bahi bat tabernara arnozun igortzen duzunean, gaztigatzen diozu tabernariari eduki dezala zenbait egunez bahi hura, eta heken buruan atherako duzula. Baiña zuk nola atherako duzun ezen barrenago sartzen duzu: egunetik egunera bahiaren gaiñean, arno gehiago hartzen duzu, halako moldez ezen azkenean ikhusirik bahiaren balioa edan duzula, bahi guztia tabernan utzten baituzu. Bada haur beror zeure arimaz ere egiten duzu. Erraiten duzu, bahi bai, baiña neholatan ere eztezakezula sal. Erraiten duzu bekhatu bat eginen duzula, eta ez gehiago. Ordea bat egin eta bat hari, hanbat iratxekitzen diozu bere ondotik; halako moldez eta suertez arimaren gaiñean, bekhatuaren zorra berretzen eta kargatzen duzu, non azkenean, bahi guztia, zein baita zure arima, tabernan, deabruaren eskuan, eta botherean gelditzen baita, hartzaz, nork bere gauzaz bezala, nahi duenaren egiteko.
55 Bekhatutik ilkitzeko, luzamendutan dabillanari, gerthatzen zaika, zensuko eta intereseko diruaren irabazia pagatzen eztuenari gerthatzen zaikana. Halakoari urtherik urthera, zorra handitzen, berretzen eta are baldin denbora luzeaz badago, doblatzen zaika, eta orduan ezta erraxkiago pagatzen. Eta ez bekhatua ere ezta, egonaren buruan aisekiago erremediatzen. Zeren bataz deabruak, egunetik egunera, zure arimaren gaiñean, esku gehiago hartzen du: eta berriz bertzea, zeren nola zu baitzoaz bekhatu eginaz, eta bekhatutan egonaz, hala doha Iainkoa ere zure arimatik ihes eginaz, eta urrunduaz zeren zerori lehenik urruntzen baitzara. Egizu kontu, egizu gogoeta, ea zenbat urthe duen bekhatutan zaudela, eta bekhatu egiten hari zarela: eta edirenen duzu ezen, urthe hetan guztietan, Iainkoaganik urruntzen eta apartatzen hari izan zarela. Bada komunzki ioaiteko bezanbat denbora, behar ohi da, bihurtzeko ere. Beraz hunelatan zuk ere ioan diren hamar urtheotan, edo gehiagotan, hari izan baitzara Iainkoaganik urruntzen, beharko duzu hurbiltzeko ere, hainbertze denbora. Nolatan duzu bada uste, hanbat denboraz iragan duzun bidetik, hain laburzki urthe batez edo biaz zeure zahartzean, zahartzen bazara ere, bihurtuko zarela?
Egia da ordea, halako faborea, garazia, indarra eta haizea eman ahal diazaio Spiritu Sainduak zure gogoari, eta borondateari, non urruntzea baiño fitetzago, eta denbora gutitzago egin baitezakezu hurbiltzea. Ordea eztakizu zure baithan hala gerthatuko denz: halako faborerik, eta garaziarik eginen zaitzuntz.
56 Maria Birjina, eta Ioseph Mariaren esposa urrundu ziren Ierusalemetik egun baten bidea, han hei Iesus haurra ustekabean azkendurik. Eta gero bilha abiatu zirenean, ediren zuten hirurgarren egunean. Denbora gehiago behar izatu zuten edireiteko, galzeko baino. Hala dirudi bada halaber, denbora gehiago behar dela bekhatuen erremediatzeko, egiteko baino. Zeren bekhatu egiten hari zarenean, Iainkoaganik urruntzen zarenean, komunzki gazte zara, sendo, eta indartsu, baiña gero, Iainkoagana bihurtu, eta hurbildu nahi duzunean, eri zara flako, eta zahar. Beraz orduan gaitzago izanen da hurbiltzea, lehen urruntzea baiño. Halatan erraiten du profeta Davitek: Qui elongant se a te peribunt (Ps. 72). Zureganik urruntzen direnek fin gaitz eginen dute. Eta Iainkoak berak ere mehatxatzeintu halakoak erraiten duela, vae eis qui recesserunt a me. (Oseae 9). Begira beute eneganik urrundu eta apartatu direnek, zori gaitz hekenzat.
§ 2
57 Bekhatuak ilhuntzen du adimendua, flakatzen du memorioa, eta gaixtatzen du borondatea; zenbatenaz bekhatu gehiago, eta bekhatutan egonago, hanbatenaz adimendua, memorioa eta borondatea, eztheusago. Hanbatenaz deabrua, iaunago eta nabusiago. Hanbatenaz Iainkoaganik urrunago eta apartago. Eta hanbatenaz zure indarra eta ahala ere, etsaiari ihardesteko ttipiago eta flakoago. Bada gauza hauk hunela direnaz geroztik, nolatan duzu zuk uste, gero hobeki onduko zarela eta bekhatutik iltkiko zarela orai baiño? Ura ttipi deiño ezin iragan dezakezu, zer eginen duzu bada handi dadinean? Zuhaitz ttipiak, oraiño errorik eztutenak, ezin athera ditzakezu, zer eginen duzu bada errozta, eta handi ditezinean? Erran nahi dut, orai bekhatu guti duzunean, eta guti horiek ere berri direnean, ezin delibera dezakezu halarik ere, horietarik ilkitzera, zer izanen da bada gero, bekhatuz beterik eta hetan denbora luzeaz gogorturik zaudenean? Orai hamar bekhaturekin dihardukazu, gero ehunekin iharduki beharko duzu. Orai urthe baten edo biaren usantza gaixtoa duzu, gero hogoiena edo berrogoiena izanen duzu. Bekhatu egiteaz koropilloak doblatzeintuzu, gatheak berretzeintuzu, karga handitzen duzu. Zer erhokeria da bada haur, uste baituzu ezen gero karga handiarekin hobeki manaiatuko zarela, orai ttipiarekin baiño? Uste baituzu ezen gero hamar bekhaturen barkhamendua hobeki erdietsiko duzula, orai bortzena baiño? Uste baituzu gero, eritasuna handi dadinean, erraxago izanen dela sendatzen eta erremediatzen, ttipi denean baiño? Eztakizu nola errraiten duen Spiritu Sainduak: Languor prolixior gravat medicum, brevem languorem praecidit medicus? (Eccli. 10). Eritasun luzeak eta zaharrak nekhatzen du midikua, baiña laburrak eta berriak, egiteko guti emaiten dio, hura laburzki sendatzen du.
58 Egia haur eman zeraukan aditzera aingiru batek lehenago mendietan eta ermitetan bizitzen ziren saindu hetarik bati (In vita Arsenii apud Suri tom. 4 pag. 257). Hartu zuen aingiru hark gizon baten iduria eta ioan zen mendietako saindu hetarik batengana, eta eskutik harturik, eraman zuen oihanean barrena, eta han erakutsi zeraukan gizon bat, hari zela egur egiten. Eta zama bat eginik, lothu zuenean, hasi zen enseiatzen ea iasan ahal zezakeienz. Baiña hain egin zuen handi, ezen ezin iasanez utzi baitzuen. Utzi zuenean, hasi zen berriz bigarrenean egur egiten, eta bere leheneko zamaren handitzen. Handitu zuenean, hartu zuen, eta hasi zen lehen bezala enseiatzen ea iasan ahal zezakeienz. Baiña are orduan gutiago, zeren lehendanik handituago baitzuen. Ordea guztiarekin ere, hasi zen hirurgarrenean ere lehiatzen, egur egiten eta bere leheneko zamaren, lehen bezala handitzen, ustez ezen halatan arinduko zeikan, eta erraxkiago iasanen eta eramanen zuen. Sainduonek haur ikhusi zuenean, galdegin zioen aingiruari: Zer erhokeria da haur, uste baitu gizon hunek, berretuz karga arinduko zeikala? Eta handituz, erraxkiago iasanen eta eramanen duela? Orduan ihardetsi zioen aingiruak: horrela duk bada munduko erhokeria ere, uste baitute bekhatorek bekhatu anhitzekin, karga pisuarekin hobeki iaikiko direla arinarekin baiño. Erraiten baitute: orai herabe dut. Orai eskuen artean darabiltzadan bekhatuak, ezin utz ditzaket: oraiño denbora aphur batez hautan egon behar dut, bertzerik ere zenbait iratxekitzen derauedala. Baiña gero guztiak utzikoitut, guztietarik iltkiko naiz. Itsutasunaren itsua, erhokeriaren erhoa, uste baituzu ezen gero, hemendik urthe baten, edo biaren buruan, orai baiño bekhatu gehiago duzunean, hosinean barrenago zaudenean, eta orai baiño flakoago zarenean, aisekiago, eta erraxkiago iltikiko zarela. Iltki bekizu erhokeria hori burutik, egotz ezazu zeure gogotik, eta sinhets ezazu, geroago gaitzago izanen dela. Eta Ovidiok dioen bezala: Qui non est hodie, cras minus aptus erit (Ovid. lib. 1 de remedio amoris). Egun gai eztena, bihar gutiago izanen da.
NOLA GEROTIK GERORA IBILTZEAZ
KOBERATZEN DEN USANTZA GAIXTOA
KAP. VII
59 Erraiten du Spiritu Sainduak: Adolescens iuxta viam suam, etiam cum senuerit non recedet ab ea (Prov. 22). Nor nola gobernatzen baita gaztean, hala komunzki egiten ohi da, zahartzean ere. Orduan hartzen duen bidea, plegua, eta usantza, edukitzen du gerorat ere: ezta handik aldaratzen, hari itxetkitzen zaika. Denbora luzeaz bide bat eduki duen urari, ezta erraz, bertzetarat irioitea, eta eragitea. Ezta erraz bide haren eta handik iragaiteaz, hartu duen usantzaren, abiaduraren eta lasterraren gal arazitzea. Ez eta beraz ezta erraz izanen, denbora luzeaz koberatu den usantza gaixtoaren ere utztea eta aldatzea. Zamaria gazte deiño hezten da. Haragia berri deiño, gazitzen da. Zuhaitza ttipi deiño birlandatzen da: finean, gauza guztiek lehenbizian hartzen dute bere plegua eta ortkhoia, eta behin hartuz gero nekez utzten dute. Gogortuz gero gaitz da bilhukatzea. Quo semel est imbuta recens, servabit odorem testa diu (Orat. ep.1). Eltzeak luzaro edukitzen du, berrian hartzen duen usaiña eta kutsua, dio Oratiok.
Likurgok, erakusteko Lazedemoniakoei, zein indar, handia zuen usantzak, hartu zituen bi xakur gazte, bi orkume ama batenak, eta sabelaldi batetakoak: eta hetarik bata, usatu zuen bethi ere etxean barrena, kuzinako eta sukhaldeko eltze-plateren artean: eta berriz bertzea hazi zuen kanpoan ihiziko orekin batean. Eta gero handitu zirenean eraman zituen biak treilla batetan Lazedemoniako iende heken aitzinera eta han laxatu eta largatu zituen, eta largatzearekin batean, egotzi zerauzten bere aitzinera, erbi bat eta haragi puska bat. Eta ihizian usatua, abiatu zen berehala erbiaren ondotik, eta berriz bertzea, kuzinan hazia, lothu zeikan haragi puskari. Eta gero erran zerauen: Ikhusazue, iaunak, zer egiten duen usantzak, zein indar handia duen hazkuntzak, lehenbiziko segientzak, eta ohikundeak: nola or hautarik bata, bere hazkuntzaren arauaz, lothu zaikan haragiari, eta berriz bertzea, iarraiki zaikan ihiziari (Plutarc.). Filii tibi sunt? Erudi illis et curva illos a pueritia eorum, dio Salomenek (Eccli. 7). Semeak ditutzunean, eskola itzatzu haurretik; uzkur itzatzu, eduki ttipi direino azpitik. Zeren behin handituz gero, eztitutzu hobekiago manukortuko, eskuperako, eta ez plegatuko.
§ 1
60 Denbora luzeaz bekhatutan egoiteaz eta usatzeaz, bertze kalterik ethor ezpaledi ere, pleguaren eta aztura gaixtoaren hartzea baizen ere, hura bera behar lizateke asko, bekhatutan pausatzetik begiratzeko, eta lehen baiño lehen bide onean iben arazitzeko. Zeren hain du indar handia usantzak, ezen erraiten baitu San Krisostomok: Cum manna, coelesti cibo, alerentur iudaei, cepas eta alia requierebant; adeo consuetudo valet, tantumque habet roboris (Chrys. adversus vituperatores vitae monasticae cap. 3, tom.7). Juduek mana zeritzan ianhari on, ezti, gozo hartarik franko zutelarik, guztiarekin ere, usantzak hain du indar handia, ezen hark errekeriturik. Ejiptoko tipula baratzurietara, bihurtu nahi baitzuten. Eta handik erraiten du San Agustinek: Peccata, quamvis magna et horrenda, cum in consuetudinem venerint, aut parva aut nulla esse creduntur, usque adeo ut non solum non occultanda, verum etiam iam praedicanda ac diffamanda videantur (August. in Enchirid. cap. 8 tom. 3). Bekhatuak handi eta izigarri izanagatik ere, ttipi eta ezdeus iduritzen zaitza, hetan usatu duenari: hain ez deus ezen gero, handik harat, nahiago baititu estali baiño, agertu, kanpatu, eta famatu.
61 Errege Daviti eman zerautzatenean Saulen harmak, baitziren ezin hobeagoak eta halakoak, guztiarekin ere, probetxu baiño kalte gehiago egiten zioten, trabatzen zuten. Zeren nola anarteraiñokoan bethi arzain ibili baitzen, ezpaitzen oraiño harmetan usatua.
Eta hala utzi zituen, erraiten zuela: Non possum incedere quia usum non habeo (2 Rg. 5). Harma haukin ni ezin higi naiteke, zeren ez naiz usatua. Indaitzue habailla batzuk, zenbat harrirekin, eta hetan usatua bainaiz, atsegin har ezazue, ezen nik eginen dut hetzaz neure eginbidea. Eta hala egin ere zuen. Zeren lehenbiziko aurthiki zuen harria finkatu zeraukan bere etsaiari belarraren erdian, landatu zeraukan kopetan, eta egotzi zuen bentzuturik lurrera. Ordea gero handik denbora gutiren barrenean, hain soldadutu zen eta harmetan usatu, trebatu, eta anzatsutu, ezen egun batez harmarik gabe, Saulen ihesi zihoala, hartu baitzuen Goliat handi haren ezpata, erraioten zuela, ezen etzela munduan harentzat halakorik eta ez hark nahiago zuenik. Zer erran nahi du hunek? Lehen Saulen harmak ttipiak eta arinak baitziren, handiz eta pisuz utzi zituen, eta orai jigant handi batenak iduritzen zaitza ttipi eta arin? Bai. Zeren lehen etzen usatua, etzen harmetara egiña, baiña gero egin zen, usatu zen, enseiatu zen, trebatu zen, eta enseiatzeak, usatzeak, eta trebatzeak, lehen gaitz zena erraxtu zeraukan. Zeren usatuari trabailluak ere etzaitza hain trabaillu iduritzen, eztitu hain sentitzen: eta ez sentitzeko, eskuetako larrua ere loditzen, gogortzen, eta khaillutzen zaika. Halakoari, eta haiñari, etzaitza hain fite eskuak maskurtzen, ikhorzirinak egiten, eta ez haragiak ethentzen, eta ez minberatzen. Zeren San Krisostomok dioen bezala Consuetudinis enim vis, et in bonis, et in malis magna (Chrys. Hom 3 de poenitentia, tomus 3). Gauza handia da usantza, hala onean nola gaixtoan. Eta badio San Jeronimok ere: Asperam nobis et insuavem virtutum viam, nimia facit consuetudo, quae si in alteram partem transferatur, invenitur semita iustitiae levis (Hieron. ad Celantiam). Bekhatuaren usantzak gaitzten du berthutearen bidea: ordea baldin usantza hura itzul badadi bertze aldera, gaixtatasunetik ontasunera, edirenen da berthutearen bide hura bera, errax, atsegin, eta plazent, Eskiribatzen hasten zarenean, ezin higi ditzakezu erhiak, lothuak bezala daude. Zeren ezpaitira usatuak. Baiña gero eta gero usatzen eta trebatzen dira, hain trebatzen, ezen azkenean, bertze alderat beha zaudela ere, hitzen erdiak eskiribatzen baititutzu. Hala ikhusiko duzu dendari baten etxean ere, ofizialeak abiadura handia daramala, pontuak husu eta laster emaiten tuela; baiña aprendiza bakhan, barath, eta pontuak kontatuz bezala hari dela. Zeren ezpaita aprendiza ofizialea bezala usatua, ohitua eta trebatua.
62 Halatan erraiten du Aristotelek: Ex actu multoties iterato fit habitus (Arist. lib. 2 Ethic.). Ez behingoaz, baiña maiz eta anhitzetan usatzeaz egiten da trebetasuna, eta aztura. Eta behin aztura hartuz gero, trebatuz gero, anhitz gauza egiten da, gogoa pensatzeketan, eta borondatea ere hautatzeketan ibili gabe. Hala erraiten du San Krisostomok: Consuetudo est qua postea etiam absque electione fit (Chrys. Hom. 10 tom. 3). Anhitzetan, hartan guti pensaturik, zeinatzen zara. Anhitzetan, ser mintzo zaren eztakizula, arneguak, eta iuramentuak egiteintuzu. Anhitzetan, bertze alderat, beha zaudela, erhiak soiñu egiteko erabiltzeintuzu, eta hauk guztiok dira usantzaren iokoak, trebetasunaren kolpeak, eta azturaren tornuak.
Garzelean sarzen zaituztenean, sarthu berri hartan, usna on duzu, kiratsa aditzen duzu, erraiak nahasten zaizkitzu, sentikor zara. Baiña barren hartan ohituz gero, sudurrak kirats hartzaz zenbait denboraz, betheak erabiliz gero, sortzen zara, ez-ansiatzen zara, ederesten duzu.
Usatzaite goizean goiz iaikitzen, eta oren hartan iratzarriko zara. Usatzaite anhitz iaten eta edaten, eta bethi hala nahiko duzu.. Are abre mutuek ere eztute, bere leheneko usatua, edo etsigarri bat bedere izan gabe, lehen izan diren ostatuetarik, aitzinat iragan nahi. Hain du indar handia usantzak, ezen erraiten baitu San Augustinek: Ipsa quoque mutatio consuetudinis etiam quae adiuvat utilitate, novitate perturbat (August. 3 Fortun. disput. 2 tom. 6). Anhitzetan ere, dakigularik, hobe lizatekeiela darabilagun usantzaren uztea, eta hautstea, eztugu guztiarekin ere utzten, eta ez hautsten, zeren aldatze hura, hautsteko eta utzteko berritasun hura, gaitzi baitzaiku. Zer nahizu gehiago? Bada erraiten duenik, eta egia: haurretik pozoin iaten usatzen dena, azkenean pozoiñez haz ditekeiela, eta mantena (Comment. sup. 3 Phisic.)
§ 2
63 Bada baldin hunein gauza bortitza, eta indartsua bada usantza, zer eginen du bethiere, gaztetik zahartzeraiño bekhatutan usatu denak? Nola utziko du zahartzean gaztean koberatu duen usantza? Beldur naiz utz eztezan. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Annosa passio, medicamento momentaneo non curatur (Crys. 32. tom. 2). Arrazadura urthatua, narrio zahartua, zauri gaizkoatua, ezta pontu batetako midikuntzaz sendatzen, ezta behingo bisitaz erremediatzen eta ez hain fite leheneko estantera, estatura eta egoitzara bihurtzen. Zeren nola eritasun handiak, sendatuz gero ere, utzten ohi baitu bere ondotik, zenbait herru gaixto, zenbait kutsu, narrio etza arrazadura, hala utzten du denbora luzeaz bekhatutan egoiteak ere bere ondotik, zenbait ondore gaixto. Si mutare potest Aethiops pellem suam et pardus varietates suas, et vos poteritis benefacere cum didiceritis malum, dio Ieremias profetak (Jerem. 13). Mairu herriko mairu beltzaz bere larru beltza, eta tigre arrak bere nabardurak, kolore pikardatuak, alda utz eta mutha ditzanean, aldatuko, utziko, eta muthatukoitu presuna gaixtoak ere bere usantzazko gaixtakeriak, eta bekhatuak.
64 Halatan ikhusiko duzu, gazte denboran bekhatu batetan usatu duenari zahartzean ere, eta deus ezin daidikeienean ere, gogoa bedere, eta bekhatu hartzaz minzatzeaz, atsegin hartzea bedere, badatxekala. Zeren San Agustinek dioen bezala: Non quiescit turpe desiderium, quamvis frigiditas neget effectum (August. de vita eremitica ad sororem cap. 28, tom. 10). Zahar gaixtoak, zahartuagatik, badu gogoa, indarra zaika falta. Ahoa doi idekitzen du eta idekitzen duzu, eta guztiarekin ere arnegu eta iuramentu egiten hari zara. Gorputza ezin iasan dezakezu, eta alabaiña amurusiaz mintzo zara. Finean lehen zertan segitu baituzu, hartan gero ere, ametsetan, eta eldarnioetan ere edireiten zara. Eta zerk egiten du haur? Usantzak, azturak, gaztean hala, han, eta hetan segitu eta usatu baituzu, eta usantza hura hezurretan barrena sarthu baitzaitzu. Eta nola zahartuagatik, hezurrak gelditu baitzaizkitzu, hala gelditu zaizkitzu usantza, aztura, eta handik sortzen diren mugidak, abiadurak, eta inklinazino gaixto guztiak ere. Halatan erraiten du Iob gizon saindu hark: Ossa ejus implebuntur vitiis adolescentiae eius, et cum eo in pulvere dormient (Job,10). Gaixtoaren hezurrak betheko dira gazte denborako bekhatuez, eta harekin batean lurrean ere lohakartuko dira, eztute behin ere utziko. Zeren San Gregoriok, dioen bezala: Tenent illum pravae consuetudines, quem semel ceperunt, atque quotidie duriores existunt, et cum eo in pulvere dormient quia non nisi cum eius vita finiuntur (Greg. lib. 15 Moral. cap. 15). Usantzazko bekhatuak iarraikitzen ohi zaitza nehori heriotzeraiño, eta lurrean barrena sar arteiño, eztute hareraiño utzten, eta ez komunzki han ere.
65 Iainkoak begira zaitzala, usantza gaixtoak zure baithan ostatu hartzetik, eta usantza hura hazkuntza bihurtzetik. Zeren nola baita hetika daritzan eritasun bat, zein egiten baita, sukharra denbora luzeaz, eta aphur bana hezurretan barrena sartzeaz: eta eritasun hark ezpaitu erremediorik, mirakuilluz edo baizen, eta izaitekotz ere xoil luzaro: hala da denbora luzeaz, gogoan, eta bihotzean barrena sarthurik dagoen aztura gaixtoa ere. Hura da hetika gaixto sarthua, atheratzen eta erremediatzen gaitza. Eta halakoagatik erraiten du San Augustinek thonban barrena sarthua, eta ehortzia dagoela: eta gaiñeko harri-estalkia, iaikitera eta hats hartzera, utzten eztuena, usantza gaixtoa dela. Moles illa imposita sepulchro, ipsa est vis dura consuetudinis, qua premitur anima, nec respirare, nec resurgere permittitur. (Aug. Serm. 44 de verbis Domini tom. 10).
Haur beror eman zuen aditzera gure Salbatzailleak berak, Lazaro laur egunetako hil kiratsua, anhitz hatsbeherapen, eta sentimendu eginik, pitztu zuenean. Bertze guztiak erraxki eta aise zegoela pitztu zituen, baiña Lazaro, iduriz, nekez. Aditzera emaiteagatik, zein gaitz den, denbora luzeaz, bekhatutan usatua, usteldua, eta kirastua dagoen bekhatorearen sendatzea, eta erremediatzea. Halakoa, hartara heltzen dena, Lazaro kirastua bezala da, Iainkoaren bothere handiaz baizen, ezin erremedia ditekeiena.
Arrazoin hautzaz guztioz emaiten da aditzera, nola luzamendutan, gerotik gerora ibiltzeaz, hartzen den usantza gaixtoa: eta usantza hura, olioa oihalean bezala, sartzen den gogoan, eta bihotzean barrena. Eta nola den enganamendu handia, eta gure galgarria, erraitea: «gero onduko naiz, gero bide onean iarriko naiz». Zeren gero haren ondoan, desiratuko duzu bertze gero luzeago bat. Eta halatan gerotik gerora zabiltzala, usantzarekin batean, komunzki gerthatzen dena, heriotzeak atrapaturik, fin gaitz eginen duzu.
NOLA USANTZA GAIXTOAK GOGORTZEN ETA EZANSIATZEN DUEN BEKHATOREA
KAP VIII
66 Gauza gaixtoa, eta perilosa da, orainokoan erran den bezala, bekhatutan egoiteaz eta segitzeaz koberatzen den usantza. Baiña are da gaixtoago eta perilosago, usantza haren ondoko ondorea; eta hartarik sortzen den bihia, hark emaiten duen fruitua; zein baita, bekhatutan itsutzea, gogortzea, ezansiatzea: eta ahalkea, ohorea, eta prestutasun guztia galdurik, doillorkeriaz prezatzea, loriatzea eta sendagailla egitea.
In circuitu impii ambulant, dio errege Davitek (Ps. 11). Inguruka, edo ingurunean dabiltza gaixtoak. Badabiltza, ordea inguruka, probetxu gabe, bethiere lekhu berera bihurtzen direla. Hala dabillanak egiten duen irabazi guztia da lurraren aurizkitzea, zapatzea eta gogortzea. Eta zenbatenaz eta gehiago, baitabilla, hanbatenaz zapatzenago, eta gogortzenago du. Hala bada bekhatoreak ere bekhatutan ibiltzeaz eta usatzeaz gogortzen du bere konzientzia, maillu kolpeek ingudea gogortzen duten bezala.
Emaiten du aditzera Eskritura Sainduak, bitiñak bezala direla gaixtoak, eta azkeneko egunean, ezkerreko aldean, ibeniko dituela Iainkoak. Statues haedos a sinistris (Mat. 25). Bitiña, ahuntz-umea, gazte deiño, on da iateko, samur da, uxter da, sasoal da: ordea galtzen du adinak. Gero eta gero doha gaixtatuaz, zailduaz eta gogortuaz. Aetas ex haedo asperum facit hircum (Plaut. lib. 1 Epigram.).
67 Bekhatoreak lehenbizian, bekhatu guti duenean, badirudi ezen oraiño, zerbait balio duela, samur duen parterik, uxter duen aurkientzarik, endrezera onik eta gozorik baduela. Eta hala orduan, predikariez, konseillu onez, eritasunez, bere lagunak hiltzen zaitzala ikhusteaz, igortziriez, eta hunelako bertze peril mueta batzuez, ikharatzen da, minberatzen da, sentikortzen da, eta bere buruari alhaturik, ethorkizunaz gogoetan iartzen da. Baiña bekhatuz bethez gero, plegua hartuz gero, usatuz gero, eta usantza zahartuz gero, gaixtatzen da, ezansiatzen da, eta aldez aingiru gaixtoen berdin, deabruen paretsu egiten da.
Nola aingiruak bere adimenduaz erdiets ahal zezan guztia, ez guk bezala aphur bana, eta pensatuz, baiña kolpe batez eta osoki erdietsi baitzuen, lehenbizian hartu zuen bidea daduka eta edukiko du sekulakotzat (Vide S. Thom. 1 p. q. 4 art. 2). Behin makhurtuz gero alde batera, ezin xuxen diteke bertzera eta ez gibelat bihur. Eta hala gerthatzen zaiku guri ere hiltzen garenean. Zeren San Damaszenok dioen bezala: Hoc est hominibus mors, quod angelis casus (Damascen. lib. 2 orthod. fiedei et refer. 1 S. Thoma ubi supra). Aingiruetan bekhatuak egin zuena, egiten du gure baithan ere heriotzeak. Hek bekhatu eginez gero, etzuten erremediorik; ez eta guk ere, bekhatutan hillez gero. Bada aingiru gaixtoen egoitzara hurbiltzen gara gu ere, bekhatu egin hutsez, bekhatutan gogortzera, itsutzera eta ezansiatzera ethortzen garenean. Aingiru gaixtoa behingoaz galdu eta gogortu zen bethierekotz: hala bada gu ere, ez behingoaz baiña bai anhitz bekhatu eginez eta hetan usatuz, galtzen eta gogortzen gara.
68 Eta halako bekhatua —gogortuz gerozkoa— erraiten da Spiritu Sainduaren kontrako bekhatua dela (S. Thom. 2, 2 lib. 2 q. 28 art. 6). Zeren hartaraz gero maliziazkoa baita. Eta nola flakotasunez egiten den bekhatua, erraiten baita Aitaren kontra dela; eta iakin gabez eta inoranziaz egiten dena Semearen kontra dela: hala maliziaz egiten dena ere erraiten da Spiritu Sainduaren kontra dela. Zein baita hain perilosa, non galdegiten baitu San Tomasek: An sit remissibile? Ea bakhakizun denz? Barkha ahal ditekeienz? (Vide S. Thom. 2 2ae q. 4 et seq. et q. 14 art. 3). Eta ihardesten du lehenbizikorik: behintzat merezitzeaz denaz bezanbatean, eztuela barkhamendurik merezi, zeren maliziazkoa baita. Bigarrena ihardesten du, maliziazkoa denaz geroz eztela bere egitez barkhatzekoetarik. Zeren nola baitira eritasun batzuk, hain handiak, gorputz guztia flakatua, benzutua, eta ezindua ibentzen dutenak, eta eriari hain iauntzen zaitzanak, non bere izanez, eta egitez ezpaitute erremediorik, ezpaitira sendakizun; hala ostinatuaren, gogortuaren, itsutuaren, eta ezansiatuaren bekhatua, eta eritasuna ere hain da handia, non berenez ezpaita sendakizun, eta ez barkhakizun. Zeren sendatzeko, eta barkhatzeko behar diren erremedioak, berak bere faltaz eta bere maliziaz, bere plazerera eta iakiara, utzten baititu probetxatu gabe iragaitera eta galtzera. Eta halatan halako bekhatuagatik, zein baita Spiritu Sainduaren kontrakoa, erraiten du San Mateok: Non remittetur in hoc saeculo nec in futuro (Mt. 12). Eztela barkhatuko mundu hunetan eta ez bertzean ere.
Egia da ordea nola Iainkoaren miserikordia baita guztien gaiñekoa, gerthatzen da halako bekhatuetarik ere zenbaiten barkhatzera. Ordea San Tomasek dioen bezala, ez maiz, gutitan, eta mirakuilluz bezala. Per misericordiam Dei aliquando tales quasi miraculose sanantur (S. Thom. ubi supra). Eta erraiten denean, eztela halako bekhatua barkhatuko, aditzen da, eztela barkhatuko, ez zeren Iainkoak ezin barkha dezakeien edo eztuen zenbait barkhatzen: baiña zeren bataz gutitan barkhaatzen baitu: eta bertzeaz zeren gaitz baita: eta finean, zeren nola maliziazkoa baita eta ez flakotasunezkoa, ezpaitu halakoak bere egitez barkhamendurik merezi.
§ 1
69 Galdegiten dute teologoek ea zer arrazoiñez, edo zergatik deitzen diren bekhatore batzuk, bertzeren artetik ostinatuak, gogortuak, itsutuak eta Iainkoak berak ere utziak? Eta Iainkoaren aldetik denaz bezan batean, ezta erraz iakiten, ezta erraz arrazoinaren eta diferenziaren emaiten eta edireiten. Zeren Iainkoak hala bekhatutan gogortuei, nola gaiñerako bertze bekhatore guztiei emaiten deraue, mundu hunetan direiño, salbatzeko, eta bekhatuetarik ilkitzeko, asko duten bezain bertze garazia, laguntza eta fabore. Haren aldetik bada behar dena, ezta handik deusen faltarik, eta ez eskasik. Hark iguzkiak bezala egiten du, onei eta gaixtoei guztiei argitzen deraue. Solem suum oriri facit super bonos et malos. (Mt. 5). Eta Iondone Paulok dioen bezala, Iainkoak nahi du guztiak salba ditezin. Qui vult omnes homines salvos fieri (2 Thim. 2). Eta halaber guztien athei dagote, guztietan deitzen du, ideki baliazote nahiz. Ego sto ad ostium et pulso (Apoc. 3).
Ordea guztiarekin ere nola anhitz lekhutan, erraiten baitu Skritura Sainduak, bekhatore batzuk, bertzeen artetik direla gogortuak, itsutuak, eta Iainkoak ere utziak, eta are Iainkoak berak itsutzen, eta gogortzen dituela: badirudi behar lizatekeiela Iainkoaren aldetik ere bilhatu, eta eman zenbait kausa, arrazoin, eta diferentzia (Ego indurabo cor Pharaonis: Ex. 4. Quem vult indurat: Rom. 9. Exceca cor populi huius: Is. 6). Eta edireiteko, iakin behar duzue ezen, ikhusten duenean gure Iainkoak, nola gauden bekhatutan sarthuak, anhitz enseiu, eta pensu egiten duela, gure bekhatu hetarik atheratzeko. Anhitz maiñaz, eta trazaz usatsen duela, gure bide onean ibentzeko. Nola geure borondatea geure eskuko baitugu, nola nahi badugu baietz, eta nahi ezpadugu ezetz erraiteko libre baikara: gure borundate libre hunen araubaz, deusetan ere bortxatu gabe, deitzen, eta thiratzen gaitu Iainkoak beregana. Eta komunzki lehenbiziko aldian, ezkaitu ozentki, eta bortitzki deitzen Iondone Paulo bat deitu zuen bezala. Baiña deitzen gaitu aphur bana, emeki, eztiki, maiñaz, konzientzia alhatuz, eritasunak emanez, bere predikarien erranez, eta anhitz bertze moldez. Eta hunela lehenbiziko deitzen eta thiratzen gaituenean ihardesten badiogu, hurbiltzen bagatzaitza, gero bigarrenean, bizikiago, eta sendokiago deitzen eta thiratzen gaitu: eta hala, hala hirurgarrenean, eta aitzinat ere. Halako moldez, non azkenean osoki, eta konplituki, kanpotik eta barrenetik deiturik, eta faboraturik, bere garazian, eta adiskidetasunean, bekhatu guztiak barkhaturik ibentzen baikaitu. Ordea lehenbiziko deitze, thiratze eta fabore ezti komun hetzaz konturik egiten eztugunean, hetzaz probetxatzen ezkarenean, hek errezibitzen eztitugunean, bihurtzen bada ere, oraiño berriz, leheneko fabore hetara beretara, eta oraiño orduan ere deitzen bagaitu ere, asko den bezain bertze: eta aitzinerat ere prestik badago ere, molde berean, lehen bezala deitzeko eta faboratzeko: ez ordea orduan, ezta komunzki aitzinago iraigaten. Erran nahi dut, lehen bezala bai, baiña ezkaituela orduan, lehen baiño bortizkiago, eta sendokiago deitzen, eta faboratzen. Eta haur geure faltaz. Hala erraiten du ene eskola-nabusi batek: Obstinati excaecati, ob suam culpam vix aut numquam utuntur bene prioribus auxiliis, atque ita non accipiunt posteriora illa auxilia, quae reliquis peccatoribus saepe donantur (Zumel). Ezterauzkigu emainten fabore bere gaiñezkoak, abantaillezkoak, eta emendailluzkoak, zeren ezpaititugu errezibitzen komunak eta ardurakoak. Edekitzen derauzkigu bigarrenak, zeren gaizki usatzen baitugu lehenbizikoez. Zeren baldin gauza ttipian,eta aphurrean leial dena, arrazoin bada, handiagoan ere enplega dadin: Quia in pauc